ZUZENDARIARI

LGTBIQ+ irakasleak ikusgarri, ikasle guztientzat babesgarri

Zuriñe Estivariz Martinez de Antoñana.
2023ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
LGTBIQ+ irakasle asko oraindik ez da ikusgarri ikastetxean. Sistema patriarkal zisheterosexistak erabiltzen du beldurra LGTBIQ+ direnak armairuan gotortzeko eta ikusezin bizitzeko. Horrek oso eredu kaltegarria ematen die ikasleei. Aniztasun sexu-generikoa jorratzen denean, jorratzen bada, badirudi ikastetxean ez dagoela heldurik LGTBIQ+ denik. Izan, badirela, baina ikastetxe horretatik urruti edo erabat ezkutatuta.

Ikastetxeetan bizi den giroa halakoa izanik, LGTBIQ+fobia indartzea oso erraza da, jazarpena ohikoa izan daiteke eta normaltzat hartzen da bollerak, maritxuak eta transak erasotzea.

Curriculum ezkutuan, eta maiz baita curriculum esplizituan ere, balio matxistak inolako trabarik gabe transmititzen dira. Eta LGTBIQ+ pertsonak babesteko sortu diren lege eta arau guztiak paper erre bilakatzen dira horrela.

Alde horretatik, itundutako hainbeste ikastetxe pribatu katoliko egoteak, eta Hezkuntza lege berriarekin alfonbra gorria jartzeak, zigorgabetasun giro itogarria sortzen du eta laguntzen du eskolan LGTBIQ+ fobia iraunarazten.

LGTBIQ+ berdintasunaren inguruan ikastetxeetan egiten diren jarduerak oso interesgarriak izan daitezke, baina ez dira oso eraginkorrak izaten, baldin eta ikasleek nabaritzen badute irakasleak armairuan daudela. Itxurakeriatzat hartuko dute eta pentsatuko dute antzerki progrea besterik ez dela.

Ikasleek erreferentziazko LGTBIQ+irakasleak dituztenean, eredu positiboak ikusgarri egiten dira haientzat, bertan daude, ez amestutako mundu idiliko eta eskuraezin batean. LGTBIQ+ ikasleek sumatzen dute haien sexualitateak edo/eta identitateak zilegiak eta onuragarriak direla.

Bestalde, ikastetxean halako erreferentziak izanik, LGTBIQ+ ez diren ikasleek ikasten dute begirunea ezinbestekoa dela eta zisheteroarauren inposizioa kaltegarria dela denontzat.

Atzo, maiatzaren 17an, LGTBIQ+fobiaren aurkako nazioarteko eguna izan zen, eta hitz polit asko entzuten ari garen arren, diru publikoarekin guztiz horniturik egongo diren kristau eskoletan laikotasunak eta LGTBIQ+ pertsonek ikusezin izaten jarraituko dute, eta LGTBIQ+fobia da hori ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.