Txori bat da lepitzulia, okilen familiakoa, baina itxuraz eta portaeraz desberdina: ez du enborra mokoaz zulatzeko okilen ohiturarik. Gainera, lurrean gehiago ibiltzen da zuhaitzetan baino. Hori bai, ez da batere erraza lepitzulia ikustea, eta, entzutea errazagoa bada ere, leku jakin batzuetan (arnasguneetan) baino ez duzu entzungo.
Negu partean oso urruti egoten da gugandik, baina laster gurean egongo da.
Lepoari etengabe eragiteko ohituragatik datorkio izena lepitzuliari. Izan ere, zer edo zer antzematen badu, dela gustuko bikotekide baten mintzoa, dela arerio askoren arriskua, atzera begiratzen du jakiteko nor den.
Horregatik, nik beti pentsatu izan dut euskaldunok eta lepitzuliak elkarren antza handia dugula. Gu bizi garen parajeetan (Bilbon, Getxon, Santurtzin, Berangon...) ez baita beharrezkoa Eusko Jaurlaritzak euskararen gainean egindako inkesta soziolinguistikoa gauzatzea. Nahikoa da euskaldun lepitzulioi galdetzea zenbat aldiz eragiten diogun egunero gure lepoari, atzean baten bat euskaraz mintzatzen denean.
Agian, metodo hori haiek emandako zenbaki hotzak baino sinesgarriagoa izan liteke euskararen egoera benetan nolakoa den jakiteko.
ZUZENDARIARI
Lepitzulia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu