ZUZENDARIARI

Leitzarango atseden-leku desatsegina, Andoainen

Donostia
2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Gutun honen asmoa da 2021eko urriaren 17an Leitzaran bailarako Otieta atseden-lekuko parkinean gertatua azaldu, bertaratu daitezkeen bisitariak ohartarazi eta Andoaingo Udalari eskaera bat egitea.

Belabietara igotzeko asmoz goizeko 8:15ean aparkatu dugu autoa parkinean. Atseden-leku hori eta ingurua oso bisitatua izanik, parkin luzea eta zabala dago. Ordu horretan gu bakarrik gaude, baina autoa txukun aparkatu dugu bi marra txuriren artean, jakinik parkina bete egiten dela (nik hainbatetan aparkatu dut bertan).

12:30 inguruan bueltan autora itzuli eta, ezin sinisturik, aurreko gurpil batek zepoa duela ikusi dugu. Inguruko autoek isuna dute, baina zeporik ez. Zepoa gureak bakarrik. Inguru isolatua izanik estaldura txarra dago, eta kosta egin zaigu udaltzainei deitzea zepoa kendu diezagutela eskatzeko.

Bitarte horretan gainerako bisitariak iristen hasi dira eta, guzti-guztiak, zur eta lur gelditu dira isuna jaso dutela ikustean. Inguruak miatzen hasi, eta erdi-izkutuan (guztiz izkutuan, eta propio, ez bada) ikusi dugu jai-egun eta igandeetan aparkatzea debekatua dagoela dioen seinalea (gu bezala, beste inor ez da konturatu).

Orain arte gertaerak, ondoren hausnarketa, iritzia eta eskaera.

Nola arraio egon daiteke horrelako leku batean bertan aparkatzeko debekua? Parkin bat, non ezin den aparkatu? Zertarako dago orduan? Bertan ez dago oztopatu daitekeen inolako aktibitate-komertzialik ez etxe sarrera-irteerarik, ezta ere trafiko joan-etorririk.

Aparkatzea debekatu nahi baduzu, jar ezazu ondo ikusiko den seinalea, eta ez parkinaren muturretan, inork erreparatuko ez dien lekuetan.

Aurrekoa amorragarria izanik ere, nire onetik ateratzen nauena da zepoa guri bakarrik jarri izana. Eta horren arrazoia? Bada, kotxearen matrikula frantsesa izatea. Zertan oinarritzen da Andoaingo Udala matrikula espainiarra duten kotxeei zepoa ez jartzeko eta gainerakoei bai (gutxienez matrikula frantsesa dutenei).

Oso gaizki (nahita?) seinaleztatuak dauden seinale batzuen bitartez jai-egun eta asteburuetan aparkatzeko debekua ezartzea inolako zentzurik ez duen neurria da eta, azken batean, hiritarrei egindako lapurreta kamuflatua.

Eta kotxe frantsesei (gainerako atzerritar autoei ez dakit) zepoa jartzea, neurri diskriminatzailea eta bidegabekeria gorrotagarria iruditzen zait.

Dagokion arduradunari, errespetu osoarekin eta guztion hobe beharrez, aparkatzeko debeku seinale horiek kentzeko eskatuko nioke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.