Zuzendariari

Lehendakaria biktima guztion ordezkaria ote?

Iruñea.
2013ko uztailaren 31
00:00
Entzun
«Biktima guztiak» Bizkaitar Argi izendatu berri ditu Bizkaiko Aldundiak, «indarkeria erabili duten talde guztien —ETA, GAL eta Batallon Vasco Español— zein frankismoak Espainiako gerraren ondoren ezarritako errepresioaren biktimak».

Ez dut ezkutatuko hasieran sentitutako poza... lehenengo momentuan, behintzat, indarkeria jasandako sentsibilitate ezberdinetako pertsona zein taldeei zuzendutako «aintzat hartze» ekitaldia baitzirudien. Agian, egon beharreko guztiak ez ziren egongo, ziurrenik, baina tira, abiapuntu gisa ekinbide polita iruditu zitzaidan.

Tamalez, pozak ez zuen luze iraun. Nola da posible aitorpen-domina indarkeria ezberdinak pairatu dituzten pertsonen izenean lehendakariak jasotzea? Haiek espresuki halaxe eskatu izan balute baino ez zukeen zentzurik izango, bestela, estropezu ikaragarria iruditzen zait.

Ene ustez, indarkeria ezberdinen ondorioak maluruski zuzenean pairatu behar izan dituztenek izugarrizko ekarpenak eta maisutza eskaini diezazkigukete gizarte guztiari. Baina nola zabalduko dituzte, ordea, euren ekarpenak tokirik eta hitzik eskaintzen ez badiegu? Nola aitorpen ekitaldia egin euren parte hartze aktiborik gabe? Aukera paregabea galdu dugu minaren ahotsa begirunez entzun ahal izateko; bere urradurak, bere ubelduak eta, ziurrenik, baita bere kemenak ere.

Espero dezagun hemendik aurrera sentsibilitate handiagoz jokatzea halako kasuetan, denon onerako izanen delakoan bainago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.