ZUZENDARIARI

Lehen hizkuntza

Oiartzun
2021eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Ama-hizkuntzari buruz aritu ginen eztabaidan pintxo-potea zegoen garai hartan. Gerora, zer pentsatu eman didate hartu-eman horiek. Kontzeptu korapilatsua definitzeko orduan azaleratu ziren ikuspuntu desberdinak. «Jasotzen dugun lehen hizkuntza da ama-hizkuntza, hiru-lau urte bete bitartean, aro kritikoan, ikasten duguna», argi eta garbi batzuek; «egunerokotasunean ze hizkuntzatan pentsatzen duzu?», besteok gure intuizioari forma eman nahian-edo. Enuntziatu borobila bata; galdera intentzionala bestea. Egiari zor, jakin bagenekien hiztegiek zer esaten duten.

Hizkuntzalaritza pixkanaka-pixkanaka zenbait ezaugarri borobiltzen joan da: genero ikuspegian nolabaiteko arrakala sortu da, ama-hizkuntza esan beharrean lehen hizkuntza esatearekin; gurasoengandik jasotzen denik jada ez da zehazten, errealitate desberdinei bide eginez; ez duela zertan bat eta bakarra izan behar, haurrak aldi berean hizkuntza bat baino gehiago jaso baitezake, eta abar.

Baina zerbeza arteko eztabaita hartan haratago gindoazen. Badugu lehendabiziko hori azpimarratzeko halako joera bat: lehen amodioa, txortan egiten dugun lehen aldia, lehen bidaia... Ez ote gara zehaztapen horretan gehiegi tematzen? Batzuetan hainbeste gustatzen zaigu homogeneoki ordenatzea eta puzzle aspergarriak osatzea... Sintzeroki, gehiago interesatzen zait zer hizkuntzatan pentsatzen dugun, jasotzen dugun lehendabizikoa zein den baino.

Ederragoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.