Irailaren 27an eta 29an eta urriaren 4an eta 6an Gipuzkoako grafikogintzako langileak grebara goaz, Adegi patronalak hitzarmenaren negoziazioan egiten duen eskaintza miserablearen aurrean.
Inflazioaren gorakada itzela gure soldatak jaten ari da, eta igoera handiagoak iragartzen dituzte datozen urteetako aurreikuspenek. Enpresaburuentzat, ordea, hori negozio iturri bilakatzen da, irabaziak loditzen jarraitzen dute, eta langileon produktibitatea igo da. Testuinguru horretan, soldata igoera lotsagarri hau proposatzen ari da Adegi: %3ko igoera 2022rako, %2a 2023rako, eta %1a 2024rako eta 2025erako. Burla hutsa da langileontzat! Eta beste edukietan (lanaldia murriztu, errelebo kontratuaren aplikazioa, genero berdintasuna) inolako aurrerapenik eskaini gabe jarraitzen dute.
Bost bilera egin dira, baina horrek ez du balio izan patronala bere tokitik mugitzeko, Gipuzkoan mila langile inguru biltzen dituen sektorean. Hitzarmen eta lan baldintza duinak nahi baditugu, grebaren eta borrokaren bidez izan beharko du.
Patronalak oso estrategia argia du. Fabrika handienetako jabeak enpresa itunen negoziazioak irekitzen ari dira arreta desbideratzeko, gu zatitzeko eta sektore mailako borroka ahultzeko. Horri aurre egitea da lehen urratsa. Ezinbestekoa dugu lantegi guztietara joatea, handietara zein txikietara, planteamendu borrokalari batekin, informatuz eta azalduz, langileen batzarrak antolatuz, mobilizazio plan sendo eta bateratua demokratikoki onartzeko. Ekintzara jo behar dugu, langileak antolatzen garenean eta elkarrekin mobilizatzen garenean dugun indar izugarriaz jabetzeko.
Auzi berbera gertatzen da maila orokorrean ere. Patronalak, zatika-zatika eta banaka-banaka, gure soldaten balioa hondoratu nahi du. Prezio guztiak gora doaz, gure lan indarrarena, ordea, behera. Pagotxa ederra enpresari handientzat eta bankarientzat! Gogoan hartu behar dugu: langileak gara fabriketan ekoizpenarekin aberastasuna benetan sortzen dugunak.
KPIaren azpitik sinatzen diren hitzarmen eta akordio guztiekin apurtu behar dugu, beste guztien aurka erabiltzen diren erreferentzia bihurtzen baitira. Gure aurkako erasoaldian oinarritzen den bake sozial artifizial hau amaitu behar dugu!
Hori egiteko modu bakarra, borroka sindikalak eta mobilizazio soziala ahalik eta maila handienean elkartzea da. Eta horretarako greba orokorra da tresnarik garrantzitsuena. Arrazoiak sobera daude. Indarra eta gogoa izugarri dago, eta horrela erakutsi da Arabako eta Bizkaiko metalean, Mercedeseko eta beste hainbat lantegi eta sektoretako grebetan.
Langileok argi eduki behar dugu ezin dela negoziazio mahai batean lortu lehen kaleetan eta borrokan lortzen ez dena. Horrela da, historian zehar, benetan lorpenak eta garaipenak ahalbidetu dituen tresnarik bakarrenera jo behar dugu: greba, borroka eta mobilizazioetara.
Patronalak ez gaitu beldurtu, engainatu, eta zatituko. Indarra dugu, eta, mobilizazioan langileok elkartuta, hitzarmen duin bat lortu ahal dugu. Hortaz, irailaren 27an eta 29an eta urriaren 4an eta 6an denok mobilizazioetara eta grebara!
ZUZENDARIARI
Lau greba egun Gipuzkoako grafikogintzan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu