Zuzendariari

Langileen eskubideak, maldan behera

Orio.
2014ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Azken berrogeita hamar urteetan lan arloan langileek lortutako eskubide oro goizetik gauera galdu dira. Enpresaburuei ezin hobeto etorri zaie egun agintzen ari direnak, euren helburu zanpatzaileak aurrera atera ahal izateko. Bai horixe! Orokorrean lan merkatua dagoen bezala, berriz lehengora itzultzeko, arras zail ikusten da epe laburrean; urteak beharko dira eta borroka latza egin, berriz langileentzako hobekuntzak lortzeko.

Bestaldetik, gaurko aurrerapenak direla eta, langile dezente gutxiagorekin lan kopuru handiagoa ateratzen ari da, eta produktua kalitate hobearekin. Atera kontuak! Horrek ez du esan nahi langileak lan gutxiago egin behar duenik, ezen halako makina berriei jarraitzeko izerdi franko bota behar da; atseden hartzeko eta ogitartekoa jateko nahiko buruhauste izaten dute langileek. Hori dela eta, batzuk oso larri ibiltzen dira eskatutako lan kopurura ailegatzeko; eta ez badira heltzen, diru galera; eta horretan gelditzen bada, gaitz erdi. Egun langile bat kaleratzea hain erraza denez...

Gaurko enpresariek hogeita hamaika eskutik dutenez bai kontratu motekin eta bai langileak aukeratzeko, bada, lantokiak euren gustura jartzeko, egin eta desegin ari dira, gero ahal den etekin handiena lortzeko. Txarrena, langileekiko inongo begirunerik gabe egiten ari direla dena; nahiz eta ondotxo jakin langileak gero eta gusturago lanean jardun are eta etekin handiagoa emango duela. Horiei bost axola, antza. Zoritxarrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.