Duela egun batzuk, eskola bateko jangelako otorduan zomorroak agertu zirela agertu zen hedabideetan. Hori zen izenburua.
Gero jakin genuen zomorro horiek landare-zorriak zirela, azalore artean ezkutatuta.
Ez da gauza bera azalore artean landare-zorriak agertzea, edo higiene falta adierazten duten beste elementu batzuk agertzea. Ez dut esan nahi, noski, sukaldariak artaz lan egin behar ez dutenik, baina, neroni ere, geuretzat ari naizelarik, ihes egiten zaizkit barazkietako zomorroak.
Zer geratzen da, ordea? Ohitu egin gara laborategiko garbitasunera, eta ez dugu jasaten izpi arrotzik ez platerean, ez inon, batik bat, animaliak badira tarteko.
Jada ez dugu jasaten euli bat, ez etxean, ez mendian. Zer esanik ez, sugandila, apo, kakalardo, ziraun... Nazka, higuina edo izua sortzen digute animaliek, ez bada katua edo txakurra.
Film gehiegi ikusi ditugu zomorro erraldoiak munduari erasotzen. Egia, ordea, beste bat da. Intsektuetan bakarrik milioitik gora espezie dira munduan, eta haiei esker bizi gara gizakiok.
Zer ari da gertatzen? Europan egindako ikerketek diote azken hamar urteotan intsektuen %40 desagertu dela. Noski, gu asko pozten gara xomorro madarikatuok desagertzearekin. Bapo! Pestizidetan oinarritutako nekazaritzan ari direnak oso pozik daude gure jarrerarekin.
Hasi beharko dugu gehiago informatzen, ikuspegiz aldatzen eta naturalak diren gertaerak natural hartzen.