Ezjakintasuna ausarta dela dio esaerak, eta inoiz ez dut horrelako egia borobilik aurkitu. Kalean zehar, barrez eta arinkeriaz, askotan entzuten dut: «Balio duenak balio du; bestela, Lanbide Heziketara!». Nekatuta bezain nazkatuta nago esaldi hori behin eta berriro entzuteaz.
Gizarteak batxilergoa eta unibertsitatea irudikatzen ditu arrakastaren eredu moduan, txapeldunen podiumeko eskailerak igotzeko bidea balitz moduan, non onenak baino ez baitira iristen. Lanbide Heziketa, aldiz, bigarren mailako partida baten moduan, hautaketa gazi-gozoa: gehienetan, hezkuntza tradizionalarekin talka egin dutenentzat azken aterpea bilakatu da. Baina han dago, zutunik dirau: isilpean, itzal artean, etorkizunari eusten, ahulezian bizirik irauten, odolez hustutako gorputzak azken arnasa hartzerakoan, bihotzaren taupaden erritmora, pom-pom, indartsu oihukatzen du: «Hemen nago!».
Goi zein erdi mailako zikloak etorkizunaren ateak irekitzeko giltza dira, praktikaren eta teoriaren arteko lotura bizia, ikasleen eta lan munduaren zubia. Zubi hori gurutzatzeak asko esan nahi du: eskuak zikintzea, baita arropak zein amantalak ere; heltzea, hausnartzea, euren beldurrekin, frustrazioekin dantzan egitea… Gaur egungo lan merkatuan, gero eta gehiago baliosten dira, bai eskuzko trebetasunak, bai gaitasun praktikoak ere, eta Lanbide Heziketak, hori guztia eskaintzeaz gain, hainbat arlotan espezializatzeko aukera zabala eskaintzen du: teknologian, hezkuntzan, mekanikan, robotikan, arteetan edo zerbitzuetan, besteak beste.
Argi gera bedi, beraz, Prestakuntza Profesionala ez dela biderik errazena. Ikasleei hegoak moztu ez, eta irakats diezaiegun, konfiantzaz, euren hegoak ehuntzen; azken finean, euren bidea aurkitzen. Horrela, elkarrekin hegan egingo dugu, bakoitzak bere hegoak indartsu eta libre sentituz. Nire ustez, bizitzaren benetako lorpena ez da soilik helmugara heltzea, baizik eta bidean izandako esperientziekin, emandako pausoekin eta erabakiekin harro bezain pozik egotea.
Eta, orduan, zer da zehazki benetako arrakastaren esanahia edo definizioa?