ZUZENDARIARI

Laboa II.a

2023ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Pasilloan barrena noa, presaka, irakasleok eskola-ordu batetik bestera joateko dugun atzerako kontaketa eroan. Halako batean, nire ikasle bat topatu dut ikasgelatik kanpo; bota didan begiradagatik berehala jakin dut bertan izatearen arrazoia ez dela ona. Agurtu egin nau, baina aurpegira begiratu barik.

- Zer, zertan zabiltza hor kanpoan? Zigortuta, ala? -galdetu diot.

- Bai, maisu -erantzun hark, erdi-lotsatuta. Nahi gabe, irriak ihes egin dio- Eske, andereñoak galdetu du ea nor den Mikel Laboa, eta, brometan pilotari bat dela erantzun diodanez, belarritik hartu eta kalera bota nau!- Orain ni naiz barreari eutsi ezinik dagoena.

Hezkuntzaren baitan egiten den kultura-transmisioa sekula ez da izango eginkizun erraza, are gehiago gurea bezalako herri batean, zeinetan oraindik ere mendeetan jasandako zapalkuntzaren ondorioak pairatzen ditugun. Frankismoak, adibide baterako, hasiera-hasieratik jakin zuen Estatu Berriaren sorreran kultura (eta ondorioz hezkuntza) izango zuela gudu-zelai garrantzitsuenetako bat. Horrexegatik egin zuen euskal maisu-maistren garbiketa, jarraian irakasle euskaldunak kanpotik ekarritako maisu-maistra erdaldunekin ordezkatuz.

Ez gara gu frankisten antzera arituko; ez zigorrik, ez eraztunik, ez jipoirik. Ikasiko dik gogorrak, dantzatzen baduk zigorra, dio irakaskuntza tradizio zaharrak, Francisco de Goyaren margoak maisuki islatu bezala. Guk, ordea, hobe genuke irakasbideak gaurkotu, eredu pedagogiko ezberdinak aztertu eta gure errealitatera egokituko bagenitu. Ikasleei euskal kultura maitatzen irakats diezaiegun, ekintzen bidez, eredua emanez, gure kulturak eskaintzen dituen lore ederrenak eskainiz. Eta, tira, zergatik ez, egoerak hala eskatzen duenean... belarrietatik tira eginez!
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.