Gaur, Mikel Labakari omenaldia egingo zaio Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian. Euskal selekzioaren alde egin duenagatik, lerro batzuk idazteko ausardia hartu dugu. Ausardia diogu, Mikel berak hitz hauek soberan daudela pentsatuko duelako. Baina uste dugu merezitakoak eta beharrezkoak direla, ofizialtasunaren aferan goi mailako kirolarien artean erreferente eta ikono bat izan delako.
Ibilbide profesionala amaitzea erabaki zuen iaz, eta orain, merezitako omenaldia jasoko du. Merezitakoa diogu, euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzerakoan eta herriarekin lotura duten beste hainbat gauzetan ere kirolari konprometitua izan delako. Momentu txarrenetan ere beti egon da aurpegia emateko prest, horrek batzuetan ondorio pertsonal kaltegarriak eragin arren. Bera bezalako kirolari batek hautu hori egitea txalogarria izateaz gain, hankaz gora jartzen du goi mailako kirolarien inguruan gizarteak duen ikuspegia, alegia, dirua eta famaren eredu baino ez direla.
Hala ere, Mikelek eta besteek egindako guztiak, tamalez, ez du oraindik espero genuen fruiturik eman: ez gara nazioartean ofizialak eta euskal selekzioak noizbehinka lagunartekoak jokatzen jarraitzen du. Baina seguru gaude ofizialtasunaren aldeko borrokan lortuko dugula euskal herritar gehiengoen nahia gauzatzea: nazioartean gure koloreekin lehiatzea. Mikelek eta besteek azaldutako konpromisoa eredu hartuta, aurrera egiteko determinazioa dugulako. Gora zuek eta gora Euskal Herriko selekzioa!!
Zuzendariari
Labakari esker onez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu