ZUZENDARIARI

Kutxabanken Eureka! unea

Donostia
2021eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Donostiako Eureka zientzia museoaren itxieraren berri jakiteak amorrua, auzo-lotsa, tristura eta ezinegona eragin dizkit. Urteetan zehar Eureka zientzia museoak zientziaren dibulgazioan lan bikaina egin du, eta, horrexegatik, zientziaren alorrean erabiltzen diren hainbat kontzeptu Kutxabanken jarrera deskribatzeko aproposak direla iruditzen zait. Esaterako, parasitismoa. Bereziki biologian erabili ohi den hitz horrek ezin hobeto definitzen du Kutxabankek geure gizarteari egiten diona. Urtez urte, etekinak handitu (176 milioiren irabaziak iragarri berri ditu urtarriletik irailera, iaz baino %10,3 gehiago), bulegoak ixten eta langileak kaleratzen dituen bitartean. Esan gabe doa, modu paraleloan, bezeroek ordaindu beharreko komisioek etengabe gora egiten dutela.

Bestalde, zulo beltzek ere ondo azaltzen dute Kutxabanken politika. Kasu honetan, materia edo argia xurgatu ordez, urteetan egin den lana desagerraraziko du inongo gupidarik gabe, «berritzea», «birformulatzea», «premia berriak» eta antzeko eufemismoak erabilita. Hori bai, ezin gara kexatu, Tabakaleran zientziari txoko bat eskaintzeko asmoa omen dago. Astronomia-behatokia ere sartuko al zaie bertan?

Zoritxarrez, museoa ez da Kutxabanken diruzalekeriaren ondorio bakarra, zerrenda luzea baita, Ekogunea eta Onkologikoa ditugu horren adibide garbiak. Gauzak horrela, esan genezake Kutxabankek izan duela bere Eureka! unea; izan ere, topatu du gizarteari lapurtzeko modua, apur batzuk ematearen truke. Hortaz, aipatutako egoera lotsagarri horien guztien aurrean, museoko langileei besarkada handi bat bidaltzea eta eskerrak ematea besterik ez daukat, azken urte hauetan bisitari guztioi eskaini diguzuen harrera beroagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.