Ameriketako Estatu Batuak Kuba inbaditzen saiatu ziren 1961ean, Bahia de Cochinosen mertzenarioak lehorreratuta. Bi egunetan garaituak izan ziren. Urte berean AEBek misil atomikoak jarri zituzten Turkian, hamar minututan Sobietar Batasunera irits zitezkeenak. Erantzun gisa, Sobietar Batasunak onartu egin zuen Kubak uhartean misil atomikoak jartzeko egindako eskaera; isilpean egin zuten, AEBek onartuko ez zutelako. 1962ko urrian AEBek Kuban silo atomikoak antzeman zituztenerako, 36 misil sobietar zeuden, eta gehiago iristen ari ziren, merkataritza-ontzietan ezkutatuta.
AEBek Kuba guda itsasontziz blokeatu zuten eta armamentua zeramaten gainerako sobietar ontziak jazarri egin zituzten. AEBak DEFCON 2 alerta nuklearrera pasatu ziren: gerra nuklearraren atarian egon ginen, mundua dardarka. Baina hamabost egunen buruan, Sobietar Batasunak bere misilak Kubatik eta AEBek bereak Turkiatik kenduko zituztela adostu zuten.
Kuba Washingtondik 1.800 kilometrora dago, Ukraina, berriz, Moskutik 700 kilometrora. AEBak misilak Errusiatik oso gertu jartzen ari dira, eta misilen aurkako sistema askoz eraginkorragoa dute. Horrek orain arte bi potentzien arteko eraso nuklearra saihestu duen disuasio nuklearraren printzipioa hautsi dezake.
Ione Belarrak (Unidas Podemos) Ukraina neutrala izateko egindako proposamenarekin ados nago, Austria eta Finlandia diren moduan.
Donbassen bakea gauzatu ahal izateko, 2015eko Minskeko akordioetako puntu garrantzitsuenak ere bete behar dira: Ukrainak federala izan behar du, eta Ukrainako batailoi naziak desegin behar dira. Nazien kontzentrazio-esparruetan milioika ukrainar hiltzen lagundu zuten ukrainar kolaborazionistek. Egungo batailoi neo-naziek bat egiten dute haiekin. Ostean, Poloniatik eta Errumaniatik misilak kendu beharko lituzkete AEBek.
Etorkizunean, beraien lurraldetik kanpo ez lukete misilik izan behar potentzia nuklearrek. AEBek utziak dituzten armak mugatzeko hitzarmenetara itzuli beharko lukete. Bakeak NATOren zabalkuntza geldiaraztea behar du.
Martxoaren 12an, larunbat honetan, NATOn sartzeko erreferendumaren 36. urteurrena beteko da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %66k eta Nafarroa Garaian %53k Ez bozkatu genuen. Borroka hark gaur egun esan nahi osoa du.
ZUZENDARIARI
Kubako misilen krisia vs Ukraina NATOn ate joka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu