ZUZENDARIARI

Kritika Sariaren eskandalua

Hernani.
2015eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako Literatur Kritikarien Elkarteak jakinarazi berri ditu 2014ko produkzioari dagozkion sariak. Eta eskandalizatuta irakurri dut narratiba arloari dagokiona.

Ez gara atzo goizekoak, eta eman lezake pertsona bat edo biren txiringito hutsa den sari emate horrek jadanik ez gintuzkeela harritu ere egin behar, bere traiektoria luzean aski frogatua baitu zer den apeta pertsonalaren araberako erabaki ulertezinak hartzea, eta zer den idazleei irain egitea (sariak egileei jakinarazi ere ez baitzaie egiten, soilik hedabideei).

Bistan dena, saritze guztiak oinarritzen dira apeta eta gustu pertsonaletan (Euskadi Sariak edo Beterriko Liburua kasu), baina oraingo hau Kritikaren Saria ei da, eta suposatzen da aintzat hartu behar litzatekeela kritikak oro har zer esan duen liburuoi buruz. Eta, 2014ko narratibari dagokionez, bai argitaratutako kritika kopuru aldetik, bai berorietan emandako iritzi eta balorazioen aldetik, liburu batek alde ikaragarriaz irabazi zuen de facto iaz: Danele Sarriugarteren Erraiak nobelak.

Beharbada ez da kasualitatea Kritika Saria erabakitzen dutenetatik kritikarik argitaratzen duen bakarrak (Javier Rojok alegia, zeren Jon Kortazarrek ez baitu kritikarik argitaratu aspaldion) duela oso gutxira arte publikatu ez izana Erraiaki buruzko berea, hasiera aski esanguratsua duena: «Urtebete inguru pasatua da dagoeneko Danele Sarriugarteren lehenengo nobela agertu zenetik. Momentu hartan Erraiak izenburua zuen liburu horrek zeresan handia sortu zuen gure artean. Orain, nobela honek piztu zuen interesa pixka bat apaldu delarik, idazlan hau perspektiba handiagoz ikus dezakegu [...]».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.