Zuzendariari

Kristauak eta Donaixtiko ametsa

Oiartzun.
2012ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Itxitako eskola bat okupatu dute hainbat gaztek Donaixtin. Errepide ondoan dago, eta hiru urte hauetan, handik pasatzean, desolazioa ematen zidan hain espazio ederra abandonatua ikusteak. Okupatu zutenean, berehala joan nintzen. Ateak irekiak zeuden, eta hasieratik hangoek bisitak eskertu dituzte. Haien proiektua irekia da; espazioa liberatu dute nahi duenak bere proiektua garatzeko tokia izate-ko.

Antolatu zuten lehenengo ekintzan parte hartu genuen semeak eta biok: haur eta helduen pintura tailerra. Kolore pila bat gelaren izkina batean, pareta zaharrak bestean. Eta pintzelak. Han aritu ziren urtebeteko Leixa, 2 urteko Unai, 11 urteko Eluna, 3 urteko Urko, 4 urteko Gexi…eta beste hainbat eta hainbat haur eta heldu espazioa libreki transformatzen. Txikienek zinez ederrak ziren kolore paisaiak sortu zituzten; handienak, pertsonak eta txakurrak perfilatzen.

Asteazkenero errepikatzen da haurren tailerra; batean ipuinak, bestean merienda… «Hau da hau!», pentsatu nuen nik. Eskola zahar bat okupatu, eta haurrik ez duten gazte hauen lehenengo intentzioa haurrak kontuan hartzea izan da.

Hasieratik, irekiak izatea zaindu dute. Batzar irekiak antolatu dituzte, ateak irekiak utzi dituzte, eta beren burua zaintzen saiatu dira. «Ez ditugu orain etengabe ekintzak antolatu nahi, ez dugu nahi gu izatea honen antolatzaileak; nahi duguna jendea etortzea eta bere proiektuekin zerbait komuna eraikitzea da». Horrela azaldu zidan hango gazte batek zuten ideia. Eta han daude, abuztu beroa pasatzen, oporrak baztertuz, ametsa momentuz oso mehatxatuta baitago. Jende on-ona da, eta horregatik, agian, hasieratik pentsatu zuten han izandako serorek ulertuko zutela beren proiektua. «Euskaldunak dira, eta batzuk ezagutu gaituzte; haien ikasleak izan gara». Eta oso modu baketsuan serorengana joan dira beren proiektua azaltzera, tratu bat egiteko asmoarekin. Baina, zoritxarrez, elizan ez dirudi gauzak pertsonek erabakitzen dituztenik; hierarkia beti hor da, diziplina eta obedientzia.

Orain elizak 72 ordu eman dizkie (gutxiago izango dira hau argitaratzerako), eta ez badute eskola husten, polizia bidaliko dute, jendea modu bortitzean ateratzeko, ateak eta leihoak blindatzeko eta, auskalo, agian zuzenean dena lurrera botatzeko.

Ni ez naiz kristaua, baina badakit kristauek komunitatea osatzen dutela, eta batzuek ez dute ondo ikusten elizaren jarrera bortitz, absurdo eta espekulatzailea (azken finean, jabetza nahi dute, erortzen uzteko bada ere). Eta zeragaldetzen diot neure buruari: kristau komunitatean dauden pertsona onek, pertsona irekiek, behar diren urrats guztiak egin al dituzte honek horrela ez bukatzeko? Zeinek deitu diezaioke Les filles de la Croix kongregazioari elkarrizketa bat eskatzeko, haiek ikusteko kristau munduan denok ez daudela ados jarrera polizial eta bortitz horrekin? Ordu gutxi falta dira. Kontzientziak bultzatuta, zeinek egingo du lehenengo urratsa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.