ZUZENDARIARI

Kontsumoa gutxitzea da gakoa

2022ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Bero-bero dabil gaia: gure mendietako gailurretan aerosorgailuak jartzeko proiektuak martxan dira edota nekazari lur emankorretan hektarea askotako eguzki-panel sailak ari dira jartzen. Zabaldu da alarma, energia faltako da. Konponbidea: berriztagarriak hedatu behar dira, eta bizkor. Ez da garaia kezketan egoteko edo inpaktuak baloratzen hasteko. Kaosa heldu baino lehen egin egin behar da, eta kito.

Eztabaida soziala beharrezkoa dugu garrantzizko gai honen inguruan, agian, lehen aldiz hasi baikara horretaz pentsatzen. Hobeto esan, horretan pentsatzen jarri gaituzte, eta ez, agian, norabiderik onenean.

Hemen gakoa kontsumoa gutxitzea da, energia, ura, elikagai eta lehengaiena. Lehen munduko deiturikook daramagun kontsumo-maila ezin da mantendu planeta osoari begira behintzat. Klima-aldaketa edo naturaguneen suntsipena sintomak besterik ez dira. Gaixotasunaren sintomak apaltzen saiatu beharko genuke, ez areagotzen.

Gure gogoetak, beraz, kontsumoa gutxitzeko direkzioan egin behar ditugu, eta hartzen ditugun erabakiak ea norabide horretan doazen begiratu.

Bizi garen sistema kapitalistaren oinarria kontsumoa da, eta orain enpresa erraldoi horien berriztagarrien proiektu faraoniko horiek hari horretatik doaz, ez kontsumoa murriztearenetik. Ez dut uste energia fosil eta nuklearrak energia berriztagarriz ordezkatu nahi dituztenik, baizik eta lehengoari berriztagarriena batu nahi diotela uste dut, hain zuzen, kontsumoa handitzeko aukera izateko.

Laster mezu berria izango da «kontsumitu lasai, energia berriztagarria da eta. Nahi beste sortuko dugu». Berriztagarria eta garbia kontzeptuak nahastuko dizkigute eta, ezinbestekoak omen diren kalteak irentsiz, aurrera jarraiaraziko gaituzte.

Kontsumoa gutxitzearena bakoitzaren esku dago, neurri handi batean. Gizarteko klase behartsuenak, noski, derrigorrez gutxituko du edo jada gutxitua dauka kontsumoa. Guk Euskal Herrian bizi dugun gizartea, oro har, gehiegizko kontsumoan bizi da, eta, norbanakoaren ahaleginaz gain, erakundeen egitekoa da bide berrira jotzea. Badakit gogorra gerta daitekeela, batez ere sindikatu eta erakunde publikoentzat, botoetatik bizi eta elikatzen baitira, eta mezu inpopularrak igortzea ez baitute gogoko izaten.

Gizarteko ildo nagusitik urruntzea zaila da benetan, eta bide berrian sostengu izateko lagunarteak sortu beharrean izango gara. Elkarte hauen filosofia energia berriztagarrien eta bertako elikagaien aldekoa izango da, noski, baina hori ez da nahikoa izango. Elkarrekin aztertu beharko da zertan gutxitu kontsumoa. Gutxiena kontsumitzen duena bedi lider, eta ez orain bezala gehien kontsumitzen duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.