Getxo inguruko parajeak ezin esan oso egokiak direnik hegaztiak ikusteko. Jende asko bizi da bertan, eta sasoi batean padurak izandako tokietan porlanak leku handia hartu du. Natura zaindu behar da, eta ez du protagonismo handirik gure gizartean. Halarik ere, oraindik badago Boluen, futbol-zelaietatik gertu, hezegune txiki bat aukera eman ohi duena txorizaleak eta argazkilariak egokitutako bi begiratokietan behatzen egoteko, eta zorte pixka bat izanez gero, ziztu bizian bertako makiletatik uretara amiltzen den martin arrantzalea, eta, noiz edo noiz, istingorrak, basahateak, gabiraiak, koartza hauskarak... ikusteko.
Baina nork irudikatuko zuen uztailaren 8an Juan Luis Mugertzak eta Edurne Ugartek ikusitakoa? Ustekabe galanta hartu zuten bi txorizale hauek haien begien aurrean koartza hauskara ematen zuen, baina moko nabarmen okerra zuen hegazti handi bat ikusi zutenean. «Ikusi don koartza horren mokoa?»; «Ezin leike koartza izan moko hori izanda»; «Ze arraio ote dok?»; «Hibrido bat izango don?»; «Mesedez! Nola izango dok hibridoa?»; «Nire ustez, koartza hauskara mutantea don»; «Hi bai mutantea!».
Koartza hauskara (Ardea cinerea) Ardeidae familiako hegaztia da. Euskal Herrian familia horretako bederatzi espezie aurki ditzakegu, eta horietako sei koartzak edo koartzatxoak dira. Koartza hauskara, bere izenak adierazten duen moduan, grisa da, koartza guztiek bezala lepo eta hanka luzeak ditu, eta arrainak eta anfibioak harrapatzeko arpoi baten antzera erabiltzen duen moko zuzen eta zorrotza du. Padurak, lakuak eta ibaiak ditu atsegin, eta haietako asko Euskal Herrira negua igarotzera etortzen direlarik ere, badaude udan bertan ugaltzen geratzen direnak.
Lagun aritu batzuei hegaztiaren argazkiak bidali eta gero, guztiak harri eta zur gelditu ziren. Hasiera batean zalantza handiak izan zituzten, baina azkenean denek egin zuten bat: mokoaren garapenaren akats genetiko baten ondoriozko deformidadea zuen koartza hauskara zen, koartza mutantea nolabait esateko, eta gainera gaztea, lehenengo urteko gaztea deritzana, aurten jaiotakoa, alegia. Euskadiko hegazti arraroen komiteak baieztatu egin zuen berria egun batzuk geroago, argazkia arreta handiz aztertutakoan. Oso gertakizun arraroa eta anekdotikoa da, aurrekaririk gabea, Euskal Herrian behintzat, eta agian, mundu osoan. Mutazioak hegaztietan ez dira ugaztunetan bezain ohikoak, eta ezagunenak lumaiaren koloreari dagozkionak izaten dira: forma leuzistikoak, hau da, oso zuriak edo melanina gabeak, eta forma melanikoak, hots, oso beltzak edo gehiegizko pigmentazioarekin, besteak beste.
Egun hartan, koartza hauskarak pare bat ordu egin zituen hezegunearen ertzean, gainerako beste hiru koartza hauskaretatik nahiko aparte, baina denbora horretan, ez zuen arrain bat ere arrantzatu, ezta ahalegindu ere. Harrezkeroztik, egunero itzuli dira Edurne eta Juan Luis Boluera berriro koartza berezi hori aurkitzeko asmotan, baina arrastorik ez. Bere hegalada dotoreak galdera asko utzi zituen airean: Boluen edo inguruan ibiliko da oraindik? Baten batek ikusiz gero, mokoaren deformidadeari erreparatuko dio? Zer-nolako etorkizuna izango du halako mokoa izanda? Zorte ona opa diogu.