DBHko irakaslea

Klase magistrala

Unai Artabe Olea
2023ko abenduaren 13a
05:00
Entzun

Kopetilun sartu da irakasle gelan DBHko euskara irakaslea. Nonbait, lehen sesioan, onomatopeiak azaldu nahi zituen. Klasera sartu bezain pronto, onomatopeia bat zer den galdetu zien ikasleei, baina, ikasleek ordenagailura begira jarraitu zuten. Badirudi begiak pantailara iltzatuak zituztela, «zonbiak bezala zeuden!», azpimarratu du irakasleak. Etsita, kideen artean, ikasleak motibatzeko aholku eske hasi da. Batek, «klase magistralak ez du funtzionatzen!», erantzun du; besteak, barrezka, «ikasleak motibatzeko, ordenagailua erabili behar da!»; eta azkenak, «ikasleak bere kabuz bila dezala informazioa Interneten, eta kito!», oihukatu du. Entzundakoa ezin sinetsirik, amorruz erantzun du: «Beraz, ezagutza Google-en badago, zein da irakaslearen funtzioa?».

Hezkuntza aldatu egin dela diote. Ikaslea, gaur, lehen ez antza, ikaskuntzaren erdigunean dago; ikasketaren protagonista da, alegia. Eraldaketa hau, teknologia berriei esker gauzatu omen da. Irakurri al duzue, noizbait, eskola baten promozio eskuorri bat? Makina bat termino azaltzen dira: adimen anizkunak, proiektukako edo lankidetzako lana, estimulazio goiztiarra, ikasgela iraulia, ikasten ikastea, eginez ikastea... Ufa, zoramena da!

Gaur egun, ikasleak ezagutzak eskuratzeko, metodologia «moderno» eta «aktibo» hauen beharra ei du. Horiei esker, ikasleak ezagutza bere baitarik gorpuzten du; eta itxuraz, horretarako, ez du irakaslearen instrukzio zuzenik behar. Hori horrela, ikasgelan irakaslearen esku-hartzea azalekoa da. Okerrena zera da: dirudienez, irakasleak onartu egin duela bere paper otzana. Lezio magistrala metodo zaharkitua dela barneratu du, inolako ebidentzia zientifikorik gabe, gainera. Askoren ustez, ikaslea ezin da klasea entzuten egon, pasibo bihurtzen baita. Eta ikaslea pasiboa bada, ez du ezer ikasten.

Ordea, zer da berez lezio magistrala? Informazioa kontestualizatuz, irakasleak instrukzio zuzenen edo demostrazioen bitartez gauzatzen duen ikasketa-metodoa da, besterik gabe. Ikasleak ezagutza eskuratuko du, irakaslearen azalpenak praktikan jartzean. Horregatik, klase magistrala arbuiatzea, ezjakintasuna baino ez da! Tamalez, klase magistrala ikaskuntza mekanizistarekin nahasten da, eta, hori, sekulako hanka sartzea da.

Ikasketa mekanizistaren teoria, Johann Friedrich Herbat filosofo eta pedagogo alemaniarrak garatu zuen. Horren arabera, ikaslea erabat moldagarria da. Ikastunak informazioa jaso eta buruz estudiatzen du: loroak bezala errepikatzeko gaitasuna garatu arren, helarazitakoa inolako kontesturik gabe jasotzen duenez, ez du ezagutzarik bereganatuko. Soldaduak lortzeko, beraz, metodo aproposa. Ez, ordea, ikasleak hezteko.

Hau dela eta, «hezkuntza modernoak» ezin du hain beharrezkoa den klase magistrala gaitzetsi, izan ere, ikasleak ezin ditu ezagutzak hutsetik eraiki. Jacques Maritain filosofo frantsesak argi esan zuen: «Hezkuntzak haurraren gain uzten badu haurrak ezagutzen ez duen horri buruzko informazioa eskuratzeko ardura, hezkuntzaren eta, era berean, gizartearen porrot hutsa izango da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.