Azaroaren 7an, Centro Psicoténico Zarautz bulegora galdera bat egitera joan nintzen. Gidabaimena berritu behar izan dut eta, 2025erako eman didatenez, horren denbora laburrerako nolatan eman zidaten galdetu nion harreran zegoenari, emakume gazte bati. Behin 80 urte beteta, urtez urte berritu behar dela esan zidan, DGTk hala agintzen duela.
Hori horrela, euskaraz artatua izateko aukera nahi nuela adierazi nion. Euskaraz ez zekiela erantzun zidan eta adierazpenak castellanoz emango zizkidala gehitu.
Nik, berriz, euskaraz nahi nuela, nire hizkuntzan artatua izateko eskubidea dudala. Berak erantzun zidan ezin zuela hori bete euskaraz ez zekielako eta, gainera, bi urterako zegoela Euskal Herrian, eta tarte horretarako ez zuela ikasi nahi.
Bere jarrera ikusita argitu nion espainolaren inposizio hori euskara gure herrian galbidean jartzeko beste katebegi bat zela, eta inposizioa aspalditik zetorrela: eskoletan haurrei eraztuna jartzen zitzaien, Francoren diktaduran euskararen erabilera debekatu zen... Berak erantzun zidan migranteek hemendik igarotzean euskara ikasi behar ote zuten. Erakunde publiko bateko bulego batean nengoela eta egoera ezin zela alderatu erantzun nion.
Horrelako batean, aulkitik jaiki zen, bulegoko atea ireki eta eskuarekin alde egiteko imintzioa egin zidan. Ea horrela bidaltzen ninduen, beste erantzunik gabe, galdetu nion. Ez zidan erantzun. Eskerrak eman nizkion atea zabaltzeagatik. Itxarongelan ez zegoen inor zain.
Asaldatuta iritsi nintzen etxera, euskaraz artatua izan nahiagatik halako umiliazioa jasan behar izanaz. Zarautzen %74 euskal hiztunak gara. Ezin dugu onartu inon gure eskubide linguistikoak zapalduak izatea, are gutxiago entitate publiko batean.