ZUZENDARIARI

Kathrine Switzerri eskutitz irekia

EAko Giza Eskubideetako idazkaria.
2018ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Egun hauetan Euskal Herrian zaude, duela 50 urte Bostoneko maratoian dortsal batekin helmugara heldu zen lehen emakume bezala bizi izandako esperientzia ezagutarazten. Behobia-San Sebastian lasterketak gonbidatuta etorri zara, eta lasterketa hasieran omendu zaituzte. Lasterketak 2025erako parte hartzaileen %50k emakumezkoa izatea lortu nahi du, eta bultzatzen ari den kanpaina txalogarri honen barruan omendu zaitu zu, Kathrine Switzer.

Hainbat elkarrizketatan entzun zaitut, eta entzun dut Bostonen duela 50 urte bizi izan zenuen esperientzia; nola saiatu ziren zu lasterketatik ateratzen emakume zarelako, nola entzun zenituen irainak eta oihuak espaloietatik (eta baita txaloak ere), eta nola erabaki zenuen kosta ahala kosta emakumeek maratoian parte hartzeko eskubidearen alde egitea eta lasterketa amaitzea. Zure indarrari esker, gaur egun oso normala da emakumeek lasterketetan parte hartzea.

Elkarrizketak entzuten dizkizudanean hunkituta aditzen zaitut. Baina egia esaten badizut, hunkidurak badauka haserretik ere. Haserretzen naiz gure gizarteak zu bezalako emakume asko dituelako, eta emakume horiek ere beraien herriko kaleetan atera nahi dutelako festan kasu honetan, eta, hain ezaguna egin den Bostoneko lasterketa horretan zuri gertatzen zitzaizun bezala, emakume horiek irainduak eta erasoak izaten direlako, eta esaten dietelako emakume izate hutsagatik ezin dutela beraien herrietako jaietan parte hartu. Ez ezazu pentsa Kathrine, hori ezagutzen ez duzun herri batean gertatzen denik. Gertaera horiek, gaur egun, omenaldia egin zizuten herrian, Behobia-San Sebastian lasterketak irteera toki duen Irun herrian, eta bere ondoan dagoen Hondarribiako herriko alardeetan gertatzen baita.

Bai Irunen eta bai Hondarribian hainbat emakumek urtero erabakitzen dute alardearen ibilbide guztia egitea, noizbait emakumeak alardean ateratzea normala izan dadin. Berdintasuna normala izan dadin, beste era batera esanda.

Nire errespeturik handiena zuri, eta zu bezala emakumeen parte hartze askearen alde borrokatzen duten munduko emakume guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.