Egunero, milaka gizaki gaixotu eta hil egiten dira —egiten dute—. Baina ez dira Kate. Minbiziaz gain, erabat saihesgarriak diren gaitzez, oinazearen oinazeaz, infernua bizi egiten dute. Baina ez dira Kate. Munduko txoko baztertuenetatik, bere burua zibilizazio eta demokrazia eredutzat dutenek, Estatu Batuek edo Erresuma Batuak, ezer ez dutenek, beren gabezia guztiei, gaixotasunaren sufrimendua gehitu behar. Baina ez dira Kate. Interesgarriak ez izateaz gain, beren egoera eta bizipenak ez dira errentagarriak. Gainera, gehiegi dira, xarmagabeak, eta gogaitu egiten gaituzte. Ez dira ez, Kate. Eta Kate gaixotu zaigu. (Bai, bai, «zaigu», ia-ia familiakoa baitugu). Shock egoeran gaude. Hain emakume jatorra, familia onekoa, seme-alaba zoragarriekin, eta hau gertatu behar. Ez da justua! Baina ausarti, dotore, samur eta umil, berak zuzenean kontatu digu. Onena opa diogu, ezin besterik esan. Eta bere menpeko umilak, osasun zerbitzuaren espero zerrendetan —hemen ere errege etxearen hogeita zazpi mila milioi inguruko dirutzak lagun lezake egoera arintzen— herio maltzurraren zain dauden bitartean, bere aldeko otoitzetan hartuko dute parte. Eta kontua ez da bihozgabe ankerra izatea. Kontua da pertsonaia hauen inguruan burutzen den erabilera interesatua. Zenbat emakumek Erresuma Batuan, bitarteko barik eta bakardade gorrian, antzeko egoerari egin behar diote aurre? Zenbat aldiz entzun diegu bertako osasun langileei diru baliabide eta inbertsio faltagatik kexa eta protesta? Beraiek ere, ez dira Kate.
Bilbo
Kate
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu