Hala egitera, hori independentziaren bidea abandonatzea eta autonomismoaren bidera itzultzea izango litzateke. ERCko 8.700 militanteek erabakiko dute Salvador Illa unionista katalan-espainola presidente egin, ala Carles Puigdemont independentistari aukera bat eman!
ERCren zuzendaritzak orain baino lehenago erabaki zuen autonomismoaren bidera itzultzea delako bitariko mahaiarekin, eta orain horri jarraitzea erabaki du. Zeren trukean? Funtsean, EAEn dugun kontzertu ekonomiko modukoaren ordainetan. Beteko den bermerik badute? Hori badakigu estatuak nahieran erabili ohi duela, trukerako txanpon gisa, unean uneko indar korrelazioaren arabera.
Rovira andereak agertu bezala, «burujabetza fiskalarekin» independentziaren bidean hobeto kokatuko dira katalanak? Ez. Guk oso ondo dakigu, azkeneko berrogeita bost urteko eskarmentua gogoan, burujabetza fiskala deitua autonomismoaren atal bat baino ez dela, atal garrantzizkoa, baina autonomismoaren atal bat, eta autonomismotik ez da independentziarako biderik egiten.
Akordioa laburbildurik, diru gehiago gera dadila Katalunian, katalanen ongizate materiala hobetze aldera, eta bide politiko zail eta sakrifizio handia eskatzen dutenak hurrengo belaunaldiei uztea erabaki dute.
Zer egingo ote dute 8.700 afiliatu horiek: 2017ko urriaren 1eko itxaropenak eta legatua errekara bota, eta EAEko Patxi Lopez edo Nafarroa Garaiko Maria Txibiteren alderdikide den Salvador Illaren estrategiari baiezkoa eman, ala bide zailago eta independentziaren bidetik hurbilago legokeena urratzearen alde egin?