ZUZENDARIARI

Kasilda Hernaez baino izen egokiagoak

Martin Sansinenea, Patxi Sansinenea, Marisol Sansinenea eta Eneko Sansinenea.
Kaxilda eta Likiren senideen izenean.
2016ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Berriki, Donostiako udalak Egia auzoko inguru bati Kaxilda Parkea izena jartzeko proposamena aztertu zuen, Kaxilda Hernaez auzoaren omenez. Kaxildaren senideok harriduraz ikusi dugu proposamena bertan behera geratu izana, EAJren, PSE-EEren eta PPren botoei esker, «izen egokiagoak» badaudela argudiatuta. Laburki, Jiménez de Aberásturik idatzitako liburuan irakurtzen da gure izeba 1914an jaio zela eta Egian bizi izan zela 20 urte inguru bete arte. Gerra-aurreko urteetan, Kaxilda espetxeratua izan zen langileen greben aldeko ekintzetan parte hartzeagatik, beti CNT-FAI erakundeari lotuta. 1936ko altxamendu militarraren ondorioz, Kaxilda eta bere bikotekide Felix Likiniano aske geratu ziren, eta hiriaren defentsan parte hartu zuten, faxistek irailean Donostia menderatu arte. Ondoren, zenbait gerra frontetan ibili ziren, eta, dena galdurik zenean, Frantziara ihes egin zuten. Bertan, Nazien inbasioarekin batera, erresistentziarekin batera jarri ziren lanean. Gorabehera askoren ondotik, bikotea Miarritzen jarri zen bizitzen, heriotza iritsi arte, Felixen kasuan 1982an eta Kaxildarenean, 1991n. Frankismoaren urte luze eta ilunetan, kolore guztietako euskaldunek babesa eta aterpea izan zuten Felix eta Kaxildaren etxean, laguntza premian zegoen edonorentzat beti irekia (literalki, Rue Gambetta-ko beren etxeko atea beti irekita baitzegoen).

Hori da Kaxildaren curriculum-a. Senideok gure esker ona adierazi nahi diegu EH Bildu eta Donostia Irabazi-ko udaltaldeei, proposamena aurrera eramateagatik, eta proposamen horren lanketan parte hartu zuten emakume taldeei ere bai.

EAJ, PSE-EE eta PPko zinegotzi batzuek Kaxildarena baino «izen egokiagoak» bazirela esan zuten. Ez dugu zalantzarik. Kaxilda bera oso pertsona apala zen, edozein nabarmenkeriatik urrun. Horregatik, eta errespetu guztiaz, proposamen pare bat egin nahiko genituzke. Emakumezko izen egokiagoak aurkitzeko, fitxategi historikoetan bilatu 1936an hiria eroritakoan kale erdira bortizki atera eta kaskamotz utzi edo errizino-olioa irentsarazi zieten emakumeen izenak, «gorriak» edo «gorri-separatistak» izateagatik. Gehienak jada hilik izango badira ere, haien seme-alabek gertakari horien memoria izango dute.

Zinegotzi jaun-andereak, Donostiarentzat kale izen egokiagoak bilatzeko beste aukera bat: zeuen bulegoetatik irten, Igentea kalea jarraitu kai aldera, Dual oroigarriarekin topatu arte. Bertan,lurretik gertu eta itsasoaren aldetik,hiria erori eta hurrengo urteetan fusilatutako 400 pertsonen izenak daudeidatzita. Laurehun kale berrirentzako adina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.