ZUZENDARIARI

Kalitatezko osasun zerbitzua Antsoainen

Nestor Esteban, Ainhoa Etxeberria eta Jon Mendinueta.
Antsoain
2021eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Duela gutxi arte kalitatezko osasun zerbitzua jasotzen genuen herrian. Osasun etxean pediatra euskaldunak artatzen gintuen. Batzuek hasieratik horrela eskatu genuelako; beste batzuek, eskatu beharrik gabe hala egokitu zitzaigulako.

Baina, egun batetik bestera, pediatra euskaldunik gabe utzi gintuzten. Harrerakoek ez zekiten zerbait puntuala ala behin betikoa izango zen. Hortaz, Osasunbideari arrazoia zein zen galdetu genion.

Erantzuna, honakoa: «J.A. doktorea da plaza jabetzan daukana arratsaldeko txandan, hura eskuratu baitu lekualdaketa bidez. Izan ere, E.G. doktorea bitarteko langile gisa ari zen lanpostua betetzen. Antsoainen ez dago euskarazko eskakizuna daukan pediatra lanposturik, eta jakin ezazue ulertu egiten dugula zuen eskaera. Aukera duzue eskatzeko Antsoainen ondoko oinarrizko eskualdeko pediatra euskaldun batek arta zaitzatela. Nik, ordea, animatzen zaituztet gure osasun etxean jarraitzera, hori da-eta dagokizuena».

Arrazoia ezagututa, eta ikusirik eskaintzen ziguten konponbideak ez gintuela asetzen, Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren bitartez Osasunbidean kexa aurkeztea erabaki genuen. Behatokiak jasotako erantzuna: «Antsoaingo osasun etxeko pediatra lanpostuetarako ez da betekizun hori eskatzen (nahitaez euskara jakitea); horregatik, Nafarroako Gobernuari edo Parlamentuari dagokio, lanpostu hori betetzeko, euskaraz jakitea nahitaez eskatzeko egin beharreko lege-aldaketak egitea».

Arartekoak ere Osasun Departamenduari honakoa iradoki dio: «Behar diren neurriak har ditzala Antsoaingo osasun-zentroan arreta euskaraz eman ahal izateko, herritarrek hizkuntza hori erabiltzeko eskubidea erabiltzen dutenean».

Beraz, Nafarroako Gobernuari kalitatezko osasun zerbitzua eskaintzeko —pediatra euskalduna eskaintzeko— hartu beharreko neurriak lehenbailehen hartzea exijitu nahi diogu. Kendu digutena berreskuratu nahi dugu, eta lortu arte ez dugu etsiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.