ZUZENDARIARI

Jule Gabilondo, 'Maite'

Mungiako Haizetara elkarteko kidea
2022ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Mungiako Trobika kaleko 12.ean jaio zen, 1902ko urtarrilaren 29an, Joan Gabilondo eta Idoia Leonor Arruza-Zabalaren alaba, Jule (Julia Klaudia). Hiru urte geroago, Estepan, Urkiaga-Basaraztarren semea, handik kilometro gutxira munduratu zen. Julek eta Estepanek, belaunaldi-kide eta herrikide izateaz gain, elkar ezagutu zuten eta herri-egitasmo berberaren alde engaiatu ziren. Estepanen ibilbidearen eta figuraren zenbait mugarri aski ezagunak zaizkigu, baina, 120 urte beranduago, Jule Gabilondoren oihartzuna nabarmen galdu da, baita bere jaioterrian ere.

IƱake ahizparekin denda bateko arduradun zen Mungian, baina Juleren bizimodua bestelako nahiek betetzen zuten. Izan ere, gaztetatik idazmenerako abilezia erakutsi zuen eta 1930ean Euskal Esnalea aldizkariaren saria irabazi zuen Gizona ala emakumea? Zein da kementsuagoa? testuarekin. Ordutik, sarri idatzi zuen garaiko hedabide desberdinetan Maite ezizena erabiliz. Beti euskaraz (bizkaieraz), gai berdintsuen bueltan aritu izan zen, Lauaxetaren gonbita onartuz, Euzkadi-ko orrialdeetan zein Eguna egunkarian beranduago. Tokiko kronikak egiten zituenean ere, bere konpromiso politikoa agerian uzten zuen, euskaraz edo abertzaletasunaz, eta bere pentsamolde eta mundu ikuskeratik emakumeak hauen transmisioan jokatu behar zuen paperaz, bilorik gabe idazten zuen bakoitzean. Hori atzeman daiteke, besteak beste, 1933an, autobusean lau egunez Euskal Herriko zazpi herrialdeetan barrena egindako txangoan izandako bizipenei buruz Euzkadi-n idatzi zituenetan.

Baina artikuluez harago, Julek bere idealen alde beste esparru batzuetan ere lan handia egin zuen, Emakume Abertzaleen Batzako kide aktibo gisa. Ohikoa zen eskualdeko herri ekimenetan zein ekitaldi kulturaletan inplikatuta ikustea, eta gerra aurreko urteetan harat-honat aritu zen hizlari.

Gerra betean doktrinamendu ideologikotik hurbil zeuden artikulu sutsuak idazteari ekin zion, 1937an zehar argitaratu zen Eguna euskarazko lehen egunkarian. Faxisten garaipenarekin, Jule Gabilondok lehenik Santanderrera eta handik gero Ipar Euskal Herrira alde egin behar izan zuen. Itzultzeko aukera izan zuenean Lazkaora, lehenik Beasainera eta azkenik Donostiara egin zuen. Eta 92 urte betetzear zela, bertan hil zen, 1994ko urtarrilaren 1ean.

Faxistek Bilbora sartzean Eguna eten zuten bezala, eten zituzten baita Lauaxeta eta beste askoren biziak, eten zituzten Juleren eta besteen lumak eta, oro har, eten zuten belaunaldi hura sortzen ari zen mundua. Ondorengooi dagokigu ondare eta izpiritu hori ezabatzen ez uztea, suspertzea eta nahi dugun etorkizuna eraikitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.