ZUZENDARIARI

Joxanton Artze eta Oskarbi taldea

Joxelu Treku.
Oskarbi taldekoa.
2018ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Oskarbiren lehen pausoak 1966ko azaroan izan ziren eta Ez Dok Amairurenak, 1966ko udaberrian.

Handik piska batera, 1967ko azaroan, Oskarbiko gazte ausartek Euskal Abesti Jaia antolatu genuen Don Bosco aretoan. Jaialdi hartan parte hartu zutenak hauek izan ziren: Idoia Garmendia, Enarak, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Artze anaia txalapartariak eta Oskarbi taldea.

1967an ezagutu genuen Joxanton txalapartari bezala, eta lau urtean (1968-1971) Ez Dok Amairu taldean sakonago bizitu Usurbilgo poeta eta artista handia.

Gogoratzen hasita, esango nuke beti izan zela mistikoa Joxanton, hasierako urte kontestarioetan eta, noski, azkeneko urteetako kristautasunean.

1969 inguruko Ez Dok Amairuren bilera batean, lurrean etzanda ikusi nuen, eta, orduan Benitok esan zidanez, meditatzen ari zen.

Ez Dok Amairuren Baga Higa HigaSentikaria, Joxanton Artzeren gidaritzapean, Portugaleteko Areiltza zumardian eman genuen lehen aldiz, 1970eko abuztuan.

Geroago, behin Ez Dok Amairu deseginda, elkar ikusi genuen kantaldi ugarietan. Oskarbi taldearen lehen Olentzero diskoa gogoko zuen Joxantonek, berak esan zidan: «Eguberrietan zuen Olentzero diskoa jarrita egoten nauk. Iparraldeko eta Nafarroako eguberri kantu espiritualak bereziki gustatzen zaizkidak».

Oskarbi taldeak Artzeren hitzekin egin zituen zenbait abesti berri; horietako bi grabatuta daude: Herriagatik, 1979an, eta Ez zaude bakarrik, 2004an. Mendira naiz azken CDan agertzen den Txalaparta kanta Joxanton Artze txalapartariarengan oinarritutako lana da.

Duela urte batzuk, Usurbilgo San Esteban eliza inguruan ikusi nuen bere lagunekin. Galdetu nion ea oraindik poesia egiten zuen, eta baietz erantzun zidan. Bere etxeko hormetan eta lurrean jartzen zituen poemak estetika berezian, gero liburura banan-banan pasatzen zituen artista handiak. Euskal poesiaren berritzaile izan zen Artze, berritzaile eta herrizale, beti euskarazale.

Oskarbiren 50. urteurrenaren ospakizun nagusira gonbidatu genuen Joxanton. Bere ahots ahulduarekin esan zidan ez zegoela ondo, eta ezinezkoa zuelaViktoria Eugeniara azaldu, baina Jainkoari eskatuko ziola Oskarbiren kantaldi bereziaren alde. Orain hire zeruan hago, Joxanton!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.