Josu Zabala Erasun 1976ko irailaren 8an bi tiroz akabatu zuen Enrique Pascual Diego Guardia Zibilak Hondarribian. Martxoaren 3ak utzitako testuinguru bortitzaren zurrunbiloan, Guardia Zibila gupidarik gabe ari zen, beste behin; Franco hil berria, Erreforma zen Estatuaren indar faktikoek sendotu behar zuten aukera bakarra, bai ala bai. Aurrez aurre, Askapen Mugimendua eta Euskal Herriko herri mugimendu antolatua,erreformari haustura demokratikoz erantzunez.
Bizkarretik emandako tiroz hil zuten Josu, aldez aurretik Montejurran edota uztailean Santurtzin gertatu bezala, egun estrukturala deituko geniokeen Estatuaren biolentziak hil zuenean. Hondarribiko zinegotzi guztiek dimisioa aurkeztu zuten, orduan.
39 urte ondoren, Egiari Zorren eskutik Hondarribiko Udala, kultur eragile zein antolakunde politiko eta sindikal zabaleko ordezkariek Josu oroitu dute San Pedro kalean.
Kontuan hartzekoa ez ezik, egun bizi dugun testuinguru politikoan zoriontzekoa ere bada, zinez, deitzaileen aniztasuna. Elkartasun keinutik harago, memoria historikoa zein erantzukizun politikoa bezalako kontzeptuak ate-joka izan ditugu Hondarribian; kontua ez baita ea nork bildu duen puxtarria, askea nahiko genukeen etorkizuna iraganak utzitako zauriak behar bezala ixtetik eraikia izan behar duenaren konbentzimenduak baizik. Zauriak sendatu? Akaso.
Has gaitezen, beraz, egia lehen lerroan jartzen, behingoz. Egia osoa, mozorrorik gabea, politikoak diren interesetatik askea, trukeko txanponik eskatzen ez duena. Justizia, noizbait herri honetara etorriko bada, egiaren eskutik etorriko baita. Josu Guardia Zibilak hil zuen; baina garai hartako Estatu aparatuek hauspotutako erabaki politikoaren ondorio izan zela salatu behar da, ozen, inpunitateak babestua eta hitzartutako isiltasunak lurperatua.
Erreparazioak, egia jakitetik erantzukizun eskaeraren pasabidetik ibili behar duelako, sendiak merezi duelako, herri honen memoria aldebakarrekoa ez delako; eta Justiziak kulunkatutako herri askea dugulako amets: egia, memoriaeta justiziaren eskutik, Josu gogoan zaitugu!
ZUZENDARIARI
Josu Zabala. Oroimena eta Justizia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu