Josu Cerrato erandiotarra hil da, gaixotasun larri bat luze pairatu ondoren. Josu Eguzkiren sorreran parte hartu zutenetako bat izan zen. Gure elkarteak lau mugimendu izan zituen abiaburu: antinuklearra, ekologista-naturazalea, NATOren kontrakoa eta auzo elkarteena. Bada, azken mugimendu horren erreferente izan zen Josu, Eguzki sortu berri hartan. Izan ere, ekologia edo ekologismo hitzak aipatu ere egiten ez ziren garaietan, auzo elkarteak izan ziren ingurugiroaren defentsan aitzindari. Horren adibiderik biribilena «Erandioko gertaerak» izan ziren. 1969an, erandiotarrak kalera atera ziren, herria itotzen ari zen kutsaduraren kontra. Erregimenak ausardia odolez pagarazi nahi izan zien, eta urte hartako urriaren 26an Poliziak tiroz hil zituen bi herritar, Josu Murueta eta Anton Fernandez. Artean gaztetxo bat baino ez zen arren, Josu Cerratok hura guztia gertutik ezagutu eta ondorengo urteetan ere lehen lerroan jarraitu zuen kutsaduraren kontrako borrokan. Hura izan zen Eguzkira ekarri zuen ondarea, nolabait esateko, euskal ekologismoaren historiaurrearen ondarea. 1994an, gertaeren 25. urtemugaren aitzakian, haiei buruzko liburu bat ere idatzi zuen. Esan gabe doa urte haietan Josu edozein kutsadura motaren kontrako gure ekinbideen animatzailerik handienetako bat izan zela.
Josu hil den honetan, egokia iruditzen zaigu aitortzea ingurugiro alorrean egin duen lana. Gutako bat ere bazen. Doluminik zintzoenak etxekoei. Eguzki talde ekologistaren izenean, bihotz-bihotzetik, eskerrik asko!
Zuzendariari
Josu gutako bat ere bazen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu