Jose Migel Zumalabe Mendibururen izena izango du Loiola auzoko kale batek, Donostiako Udalak hartutako erabakiaren ondorioz. Merezimendu osoz, nire iritziz.
Gertuko pertsona izan zen niretzat eta, urteek ematen duten perspektibaz baliatuz, esan dezaket ezagutu dudan gizakirik inteligente eta atseginenetakoa izan zela. Baita dotorea ere, hitzaren zentzu zabalenean.
Euskara izan zuen ardatz Jose Migel Zumalaberen bizitzak. Familia-gizon eredugarria, sendo ezarri zuen euskararekiko grina Koro alabarengan eta Joxemi semearengan, azken hori Egunkaria-rensortzailea.
Zumalaberen euskaltzaletasunak bazuen bi hitzetan adierazi daitekeen ezaugarria: aktibismoa eta pragmatismoa, hain zuzen ere. Ez zuen asko hitz egiten euskarari buruz, baina beti prest agertzen zen asmoz eta jakitez gure hizkuntzaren eremu latzean zerbait sortzeko. Hainbat jardueraren artean bi aipatuko ditut: batxiler mailako lehenengo euskal ikastetxearen sortzaile eta funtsezko egilea (Santo Tomas Lizeoa, 1961. urtean) eta Andereñoen erresidentziaren bultzatzailea (1960ko hamarkadan). Azken horren bitartez ehunka irakasle euskaldunek (andereñoak) formazio berezia jaso ahal izan zuten, batik bat zetorren ikastolen legalizazioaren aurrean.
Anekdota interesagarri eta esanguratsu bat bada Santo Tomas Lizeoaren hastapenetan. Legalizazioa zela-eta ministerioko inspektore baten bisita aurreikusia zegoenez, Zumalabek, nola ez, bere burua eskaini zuen harrera emateko. Inspekzioa aurrera zihoala, halako batean ikuskatzailea kartel batzuk euskaraz zeudela ohartu zen eta horretaz galdetu ere. Zumalabek bere pertsuasio guztia erabiliz, «sano regionalismo» eta horrelako topikoetara jo zuen, halabeharrez. Zorionez, ez zuen asko behar izan: inspektoreak oso ondo iruditzen zitzaiola, bera valentziarra zela eta seme-alabekin beti valentzieraz egiten zuela esan zion. Gizon hori, Zumalaberi egokitu zitzaion perla isolatu bat izan zen. Zorte on horrek ateak zabaldu zizkion Santo Tomas Lizeoaren legalizazioari, eta agian ondoren etorriko ziren euskal hezkuntzaren ekimenei.
Jose Migel Zumalabe matematikaria zen izatez, bai eta pintorea bokazioz, eta aparejadorea ogibidez. Beti nolabaiteko espiritu kartesiarrarekin, alegia errealitatea onartuz eta berau aldatzeko prestatuz. Donostian 1950-60ko hamarkadan izan zen giro artistikoan murgildu eta bertan izan ziren tertulietan parte hartu zuen.
Bada garai hartako pasadizo bat nik gazteetan entzun nuena. Ageri denez, Jorge Oteizak (zeina Zumalabek nahiko miresten zuen) bazeraman eten gabe tertulietan hiperboloideaz gora eta beherahitz potoloekin berban. Zumalabe (matematikaria beti) apur bat aspertuta zegoen Oteizaren perorata horiekin, eta hara nola galdetzen dion: «On Jorge, zu hiperboloideaz ari zarenean, zertaz ari zara, hiperboloide hiperbolikoei buruz ala eliptikoei buruz?». Oteizak bere harridura erakutsi zuen bi hiperboloide mota zeudela jakitean. Jose Migel Zumalabek errealitate matematikoa bere lekuan jarri nahi izan zuen; baina inongo harrotasunik gabe, ez baitzuen handimandikeriaren izpirik txikiena ere.