Ez dakit hitz egokienak erabili dituzun, ez dakit politikoki zuzena den gaia aukeratu duzun, ez dakit orain arteko maisutasunez idatzi duzun, ez dakit... baina Euskal Herria euskararen herria izan dadin erabateko garrantzia duen gaia ekarri duzu plazara. Eskerrik asko.
Onkeria da gure jendarte honetako itxurakeriazko ezaugarrietako bat, kristau izateari uztea ezinezkoa baita haurtzaro guztiz katolikoa izan genuenontzat (Joxe Azurmendi dixit). Asmatuta edo asmatu gabe, zuk plazaratu duzu gaia gordinean, punba! Idatzi eta bi ordutara beste zertzelada batzuekin plazaratuko zenuen, 24 ordutara beste aldaketa batzuekin, gaur... Baina berdin dio, gaiari heldu behar zaio egungo egoeraz jabetuta eta datorkigunaren jakitun.
Euskara euskal elebidunok darabilgu, beste inork ez, oso baldintza berezietan ez bada, euskaltzale amorratu frikiren bat alboan izan ezean, ni bezalako rara avis bat, alegia. Alukeria, txikitu ziguten hizkuntza horrentzat eta frikiontzat. Egin barre frikiok!, gaixotu egingo zarete gainontzean-eta, zin dagizuet.
Euskarazko kultura eta komunikabideak euskal herritarron %1,3k kontsumitzen ditugu maiz, 40.000 lagunek Euskal Herrian (3.150.000 euskal herritar). Aldian behin, %5,7k, 160.000 euskal herritarrek. Gainontzeko 2.850.000 horiek guztiak, kaixo motel!
Sapiens guztiok dugu mundu honetako herrialde aberatsok sortutako miseriatik ospa egiteko eskubidea. Euskaldunok maiz erabili dugu. Ez dugu alde egin kutixiaz, abentura nahiaz, herriak sortzen digun nazkaz... Ez, miseriagatik alde egin izan dugu, salbuespenak salbuespen. Halaxe gainontzeko sapiens guztiak, ezin biziak ekartzen ditu herrialde lapur aberatsetara. Miseriatik eta berotik (egun sinonimoak dira) ere hasi dira alde egiten. Gero eta gehiago izango dira beroagatik etorriko zaizkigunak, herrialde aberatsetako guztiz aberatsak direnak eta horien mesedetan ari diren agintariek berotutakoagatik, hain zuzen ere. Eskubidea? Nork ukatu!
Arestian aipatutako hizkuntza egoera ikusita, edo estatua lortzen dugu ahalik eta azkarren, edo eskubide osoz etorriko zaigun olatuari ezingo dio hizkuntza txikituak eutsi. Egun bigarren eta, zona batzuetan, hirugarren hizkuntza den hau bosgarrena izatera pasako da berehala, hutsaren hurrengoa, alegia, okzitaniera Iparraldean bezala, aragoiera Aragoin. Hizkuntza txikituak ezin du gehiago, bihotzak ezin du bakarrik, estatua behar du, eta fundamentuzko legeria bertako eta berezko hizkuntzak aire oxigenatua izan dezan. Estatuaren neurri koertzitibo demokratiko guztiekin ere nahikoa lan txukun antzean bizitzen, Irlandaren itxura guztiak hartzen ari baikara, hizkuntza jakin bai, baina handia erabili.
Hala ere, askoz nahiago, askoz nahiago ere, ezin bizirik direnek lurperatzea gure amildegian, eta ez Nebrijazaleek.
ZUZENDARIARI
Jose Maria Esparza Zabalegi, mila esker!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu