ZUZENDARIARI

Jon Ugutz Goikoetxea Elorriagari

Hendaia.
2019ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Bizitzako kontakizun bat egiteko terapian sartuta nagoela zurekin topo egin dut, Jon. Oroitzapen handi bat lagun handi bati buruz, zure heriotzak martxoaren 15ean, orain 47 urte, egundoko mina eragin zidan, lagun gazte baten heriotzagatik jasan nuen lehen dolua baitzen. Min emozionala handia izan zen, kosta zitzaidan zure heriotza onartzea, batez ere nola gertatu zen jakinda.

Elkarrekin ibiltzea egokitu zitzaigun Nafarroan zehar egun batzuetan, eta gauza guztiez hitz egiten genuen. Asko ikasi nuen zuregandik, oso bizkorra zinen, eta zure argudioak ongi egituratuta zeuden. Euskaldunak ginen, eskubidea geneukan gure herriaren independentziaz erabakitzeko eta ezarritako diktadura baten aurka borroka egiteko, diktadura hura ezarri zutenek gure hizkuntzari jazarri baitzioten lehenbizi eta ondoren baztertu. Baita ere bonbardatu zuten eta txikitu gure lurraldea, hildako asko eraginez. Era berean, jakin bagenekien zer-nolako esplotazioa jasaten zuten gure herrialdeko langileek eta haien askapenaren alde gudukatzen ginen.

Maite zenuen izadia, eta mendizale amorratua zinen; izan ere, han goian denok sentitzen ginen libre, han mintzatzea bazegoen, kantatu eta oihukatzea bazegoen, erregimen frankistaren kolaboratzaile haiek guztiek entzun gabe; izan ere, zoritxarrez gehiegi ziren, gurekin batera bizi ziren eta erraztasun handiz umiliatzen eta salatzen gintuzten gu zapaltzen gintuztenen aurrean.

Gogoan dut nola joan ginen norbaitek alokaturiko Iruñeko pisu hartara eta nola sukaldean sartu bezain laster konturatu zinen baten bat ibilia zela han. «Irten gaitezen hemendik azkar», esan zenuen. Hala izan, pisu hartan egun batzuetan zain egonak ziren gu azaltzeko, gure militante batzuk atxilotu zituztenak, guk ezagutu gabeko sarekada batean. Baita ere gogoan dut nola ibili ginen alderrai Iruñean, gure bila zebiltzan bitartean, zeurea zenuen soseguarekin, iluntzean ene lagun batean etxea aurkitu genuen arte, han gaua igarotzeko.

Zure heriotzaz kontatu zigutena hau zen, bakarrik zindoazela tirokatu zintuztenean, eta izan zela, handik urte askotara ene lanbideak eskatuta bizi izan nintzen herrian. Askotan gogoratu dut Urdazubiko muga hura Iparralderantz, egin baikenuen bidea zenbait lagunek elkarrekin, eta ni ezinean nengoenez orkatila bihurritua nuelako, neuri laguntzeko geratu zinen, bakarrik gera ez nendin. Zalantzarik gabe, gu guztion arteko onena zinen.

Herrialdearen egoera ikusita, gaur egun, neure buruari galdetzen diot ea merezi izan al zuen. Gogoan dut zure neska-lagunaz hitz egiten zenuenean, zuen proiektu komuna guztiz lotuta zegoela diktadura espainiar hura kentzearekin, euskal herria askatzearekin, euskara guztiz berreskuratzearekin, eta langileak ez esplotatzearekin. Balio horiek, zalantza egiten dut gure politikoek defendatzen dituztenik. Zu ezagutzeko zortea izan genuen gutako askorengan aztarna ona utzi zenuen, Txapela, martxoaren 15ean oso modu berezian gogoratuko zaitut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.