Bordaxarretik Babiloniarako bidean hirekin egin diagu topo, Santirekin hitz-aspertuan Altza herria eta Euskal Herriaren alorretan biok landatutako haziak aipagai eta elkarri adarra jotzen, beti bezala. Biak ala biak herriarentzako laborari, biak ala biak nekaezinezko zirtolari.
Hire Altzatik lur bat haratagoko bidaian saiatu hintzen aldez edo moldez gure Altza eta gure Euskal Herriaren patu beltzari, galbideari, aurre egiten: bai herriaren zementuzko itxuragabekeriari aurre egiten eta baita gure mendeetako elkarrekiko setakeria eta alderdikeria serio eta umorez zafratuz. Eta horretarako hire betiko armak erabiliz: hire prosa magiko zorrotza, Sarako erretore zaharraren erretolika edo sorgin-argietan kulunkatzen den poesia.
Deabruak hartzen hinduen hire soberazko sentiberatasuna ukitzen zuten aldiro, hire enpatia infinituaren gaitasuna proban ezartzen zuten aldiro. Berdin Altza herriaren nortasunaren galera eta zementuzko besta nola boteretsuen herri eta zapaldu menperatuekiko egitate krudelak. Berdin etxe aurreko zuhaitzaren abailtze koldarrak nola espetxeratu eta torturatuen patu ikaragarriak. Ez hintzen isiltzen diren horietakoa, ez horixe; ez hinduen salaketa politikoaren aipamenak beldurtzen, ez baitzinen atzo goizean jaioa, alafede.
Kantuz partitu haiz lur bat haratagorat, hire izate onbera eta ganberro maitagarriaren arrastoa gure artean utziz. Ez hinduen garaitu heriotzak, ez: lagun zahar edo amorante gisa hurbildu haiz harengana, kantuz, bere altzo abegikorrenean bilduz. Sufrikarioaren mendi-zoko ilunenetik arranoen erresumarainoko bidea egin zuenak jakin izan du senez atseden goxoena bilatzen.
Ez duk kukutu oilarraren kanta Altzako eliz dorrearen inguruan, ezta bere promesa ere. Eta Bordaxarretik Babiloniarako bide bazterrean sasien arteko habietako txantxagorri eta txantxanberdeen kantak areagotuz zoazak udaberri honetan.
Eta, erradak lagun; ba ote zegok hire absentziaren kontrako erremediorik? Hire ateraldi xelebre magiko horietakoren bat beharbada?
Altzako lur hunatagotik lur bat haratagoko egoitza habitatzen duen lagun maitagarriari gorazarre.
Eta barka atrebentzia, lagun...
ZUZENDARIARI
Joan Mariri, adiorik ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu