Bilbo

Jaietan ere, Bilbo zuri-gorriz

Miren K. Unzueta Zamalloa
2024ko maiatzaren 22a
05:00
Entzun

Itxi begiak. Itxi eta ikusi. Begiratu irudimenaren begiekin: han urrunean Kilimanjaroko elurtzak, hor Moulin Rouge, eta hemen jendetza alaia zapi gorri bati esku biekin eusten txupinazoa jo aurretik. Irudi eta kolore horiei erreparatuta gehienoi herri edo leku zehatz eta jakin bat datorkigu begietara. Izan ere, ikusmena da espazioaren, tokiaren pertzepzioa izateko darabilgun lehen zentzumena. Kolorea paisaiaren elementuetan agertzen da, eta izaera berezi bat ematen dio, identitate bat.

Begiak itxita zein zabalik esan, Bilbo esaten badugu, zein kolorek joko dute gure begia? Duda barik, Bilbo zuri-gorriz jantzita ikusiko dugu. Bilboko paisaia kromatikoa gorria eta zuria da gaur egun.

Izan ere, eta hasteko, haizeak astintzen duen eta 1845ean hiriak bere egin zuen bandera zuri-gorria da. Hiriak 2016an onartu zuen banderaren behin betiko erabilera ofiziala, Eusko Ikaskuntzaren aldeko txostena jaso ondoren. Jarraituz, garraiobideak eurak ere zuri-gorriz jantzita dabiltza hara eta hona: Artxandako Funikularra, Bilbobusa, Metroa, Intermodala. Bizkaiko Foru Aldundiaren haritz hosto logotipoa ere zuri-gorria da.

Eta zer esanik ez, bertoko futbol taldea, Athletic txapelduna, zuri-gorria da, jantzi, bandera eta abestietan. Bilboko hainbat elkarte eta erakundetan ere kolore berberak nonahi: Arriaga Antzokia, Bilboko Berreginen Museoa, Kafe Antzokia, Bilboko Herri Krosa, Bilbao Exhibition Centre.

Eta jaiei gagozkielarik, zer esan Aste Nagusiaz? 1978tik, txupinerak jaka eta txapel gorria daramatza.

Zerrendak luze joko luke, baina laburbildu beharrean nago.

Amaitu aurretik, zera kontatu behar. Nabarrenkoxeko lagun batzuk etorri ziren behin Bilboko jaietara, zuri-gorriz jantzita etorri ere, eta harrituta gelditu ziren, hiritarrak, zapia arrasto bakar, kaleko jantzita ikusi zituztelako, ez jai-jantziz.

Horra hor, beraz, nire proposamena: Bilboko jaietako jantziak eta apaingarriak —gerrikoa, txapela, zapia— izan daitezela zuri-gorri.

Horrela, gainera, Iruñeko eta Baionako koloreekin egingo dugu bat.

Zapi gorri bati —edota zuri-gorri bati, baldosaren irudiarekin bada— esku biekin eutsiko diogu txupinazoa jo aurretik. Ondoren, lepoan ondo jarrita, Marijaiari ongietorria egingo diogu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.