ZUZENDARIARI

Izurritea eta komunikabide publikoak

2021eko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Joan den larunbatean Euskadi Irratiko Amarauna saioan Pako Iriarte Bizitza Plataformako kideari egindako elkarrizketaren harira, ez dut irudikatzen esataria beste era bateko gonbidatu batekin —Osakidetzako arduradun bat, demagun— tonu berdina erabiliz galdeketa burutzen. Baina kafesnea hartuz gero edozer gerta daitekeenez, nork daki!

Badirudi herritar xeheok ez garela nor—izurriteaz dihardut— gure iritziaren jabe izateko, halabeharrez ezarri nahi diguten diskurtso ofizialari men egiten ez badiogu. Halabeharrez diot, komunikabide nagusien saiakeraren neurriak hori adierazten didalako. Sutegiko mailutzarraren irudia datorkit gogora, tauki-tauki taigabean.

Etsigarria ez ezik kezkagarria deritzot EITBko komunikabide publikoek gaiaren inguruan darabilten jarrerari. Bestelako iritziak eta ikuspegiak bai baitaude aspertzeraino inokulatzen diguten mezu ofizialaz beste, hedabide horietan ohikoak diren adituak bezain kualifikatuak diren pertsonen testigantzak hain zuzen ere (Jon Ander Etxebarria, Karina Acevedo eta Teresa Forcades zientzialariak...), beraientzat erraza ez bada ere, jasanarazten dieten giro garratz eta erasokorra medio.

Honen guztiaren atzean dauden ezkutuko interesei buruz —gutxieneko zintzotasunez eta egiari zor zaion gizalegez— informatuko bagintuzte, beste upeleko sagardotik edan ahal izango genuke; eta hori, aipatutako komunikabideek, publikoak diren heinean, bermatu behar lukete.

Eskaintzen ari diren txertoen inguruko ikuskizuna barregarria litzateke osasunaz ariko ez bagina, egoerak ez baitu jite txukuna. Baina teknologia-zientzia binomioa dogma bihurtu diguten garaiotan, zientzia natura menperatzeko tresna gisa erabiliz, menpeko lerrokatuta nahi gaituzte inondik ere.

Gaur egun adar ugari dituen egiturazko krisi sakon batean murgildurik gaudenez (osasunaz gain ingurumena, klima, energia...), mundu eredua zuztarretik aldatzen ez dugun artean, natura eta bere erritmoekin uztartuz, etorkizun iluna ziurra da.

Hasieran aipatutako irratsaioan, esatariak zioen entzule askok suminduta galdegin zutela hitza ukatzeko diskurtso ofizialetik aldentzen direnei. Informazioaren manipulazioak egia ezkutatuz, izua sortuz...— elkartasuna perbertsioz ulertzera eraman gaitzake, txertaketa ekintza solidario ukaezintzat identifikatzeraino; txertatzen ez dena, aldiz, insolidario hutsa.

Ez dakit nori jasoa dudan ondoko esaldia, baina horrekin bukatu nahi nuke: «Bizkarra ematen ez dionak soilik aurki dezake egia». Ea beste oilar batek egiten digun kukurruku.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.