Lequeitiotik Lekeitiora: garaipen txiki bat. Hizki baten errebolta. Pentsakor hasi dut eguna eta aitarekin hainbestetan partekatutako bankuan eseri naiz. Goxo. Gustura. Epel. Lasai nago eta, oharkabean, begiak itxi ditut garai haiek gogora ekartzeko asmoz. Hamarkada batzuk atzera egin du nire buruak. Entzunak, ikusiak eta usainduak berriro ardatz: plazera. Pentsamendu lausoak katuka jarri nau.
Herriko plaza. Puntu neuralgikoa. Sasoi hartan, egunkaria irakurtzen zegoela dena zaintzen zuen ustea nuen gizon baten monumentuak —gerora, Paskual Abaroa izena zuela jakin nuenak— gobernatzen zuen zabalgune laua. Urteen poderioz, enbor sendodun zuhaitzek finagoei eman diete lekukoa, eta harri txikiz jositako zoruak, fosilak ikusgai dituzten baldosei.
Irudiak. Gizonak harantz eta honantz. Kontu-kontari. Emakumezko gutxi: gutxiegi. Betiko izango ziren lagunekin lehen jolasak. Poza. Jende andana leku txikian: herri-giroa. Pilarearen forma erakargarrietan burua sartu, eta moila ikusgai. Apaizak aurrera eta atzera, sermoia errepasatzen edo hurrengo biktima zein izango zen erabakitzen. Batek jakin. Portua ontziz beteta: txiki, ertain eta handi. Kolore-amalgama. Etxeetako leihoak parez pare zabalik. Hondartza. Aittitta Makurra. Itsasoa. Barea. Bakea.
Soinuak. Euskara. Lagunen negarrak. Algarak. Arraina heldu berriko sirena-hotsa. Kaioen txioak. Lehenengo sektoreko herria zeneko trafikoa. Haizearen indarra; kaitik kankamu eta noraietara lotutako amarreak eta txikotak mozten zuten ufadaren kantua. Olatuek Garraitz uhartearen kontra jotako notek hondartzan sortzen zuten melodia: musika.
Usainak. Bertakook hainbeste baloratzen dugun kresalarena, arrainez gainezka egon ostean garbitzeko zeuden egurrezko kutxa hutsena, ipar-ekialdetik aireak zekarren pinuena eta, nola ez, amaren bularrek askatzen zuten fragantzia ahaztezinarena. Kalean egon eta etxean sentitzearen gustua. Arnasa.
Orain ni nago egunkaria irakurriz hurrengo belaunaldiei so. Abaroa jauna Paskualito bihurtu da; portu zaharra, Txatxo kaia; herriko plaza, Independentzia enparantza; baxurako ontziak, txalupa; pinuak, eukalipto; amak, aita; eta aita batzuk, ama.
700 urte bete ditu gure herriak. Ez dut zalantzarik harro egoteko moduan gaudela, ez. Hala nago. Kontua da beste 700 betetzea nahi dugula herritarrok, baina herri-kutsu hori galdu gabe. Ea, bada, hizkuntzatik hasten dugun borroka hau eta, eskutik, Lekitto berreskuratzerik daukagun. Horrek egingo gaitu, egitekotan, berezi eta handi.