Ameriketako Estatu Batuetako matematikari eta idazle Marilyn Vos Savanten esaldia da: «Justiziazko ekintza batek kapitulu bat ixtea ahalbidetzen du; aldiz, mendekuzko ekintza batek beste kapitulu bat idazten du». Halako zerbait gertatzen ari da Iturmendiko bizilagun Fanirekin. Uztailaren 16rako ezarri zioten epaiketa data Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Terrorismoa goratzea leporatzen zioten X sarean (lehen Twitter zena) idatzitako iruzkin batzuengatik. UPN alderdi politikoak jarritako salaketa bati jaramon eginez, Auzitegiak auzia ireki zuen, eta Fiskaltzak bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen zuen Fanirentzat. Epaiketan Fiskaltzaren eskaera hori onetsia izan balitz, Fani espetxeratua izanen zen. Azkenean, epaiketara iritsi baino lehenago «akordioa» egon da Faniren defentsaren eta akusazioen artean, eta, horren ondorioz, zigorra bi urteko espetxealdira eta isun batera mugatu da. Fani ez da espetxeratua izanen. Gaitz erdi. Lasaitu ederra berarentzat eta inguruko guztientzat. Ezin justizia deitu gertatutakoari, ordea.
Sakanako herritarrontzat Fanik pairatu duena dejà vu bat da. Funtsean, Fani zigortzeko martxan jarri zen errepresio tresneria 2016. urteko urrian Altsasuko Koxka tabernan guardia zibil batzuekin liskarra izan zuten gazteen aurka erabilitako tresneria bera da. Zorigaiztoko gertakari batzuk tarteko, larritasun txikia duen auzi bati terrorismoaren izaera ematen zaio, bultzada politiko nabari bati erantzunez (Altsasukoen auzian, PPren Gobernutik etorri zen bultzada politikoa; Faniren auzian, UPN alderditik). Terrorismoaren izaera emanda, auzia Madrilgo Auzitegi Nazionalera eramaten da, euskal herritarrontzat Justizia Zero den Gunean epaitu dadin.
Zoritxarrez, Fanik badaki nola tratatzen dituzten euskal herritarrak Auzitegi Nazionalean. Fani 2016. urtean zendu zen Julen Galartza Otxoa Iturmendiko bizilagunaren alarguna da. Julen 1978. urtean atxilotu zuten, indarrean dagoen Konstituzioa oraindik onartu gabe zegoenean, beraz. Poliziak autoa tirokatu zien Urbasako mendatean, eta Julen, Julenen arrebaren mutil laguna eta beste gazte bat zaurituak suertatu ziren. Zaurituta egoteak ez zituen inkomunikaziotik eta torturatik libratu, ordea. Hamar urte egin zituen preso Julenek, baldintza oso gogorretan, birritan izan baitzen jipoitua kartzelan ere. Bere senitartekoak ere errepresaliatuak izan ziren orduan; bere arreba Puri eta bere anaia Juan Mari atxilotuak eta torturatuak izan ziren, Julen Soriako espetxean zegoela laguntzeagatik.
Vos Savantek idatzitakora itzuliz, Fanik Madrilen aurkituko duena justizia ala mendekua izanen da? Kapitulu honen amaiera zein izan den ikusita, mendeku mugatua gertatu dela esanen genuke. Pozik gaude Fani ez delako espetxeratua izanen. Ezinbestean mugatua ere baden une honetako poztasunetik, desira bat. Fani izan dadila Madrilgo Auzitegi Nazionalean auzipetua den azken sakandarra, azken euskal herritarra. Norbaitek bizitza politikoaren demokratizazioaren agendarako ideiak behar baditu, hemen bat: Auzitegi Nazionala justizia arruntean urtzea. Sistema judizial burujabea euskal lurraldeetan euskal herritar guztiontzat.
Uztailaren 20an, larunbatarekin, Iturmendiko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioan bilduko gara, Faniri elkartasuna adierazteko, euskal herritarrontzat justizia aldarrikatzeko.