Zuzendariari

Itsu baina pozik

Urdiain.
2013ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Aurreko batean, senide batzuk betaurrekoen prezio altuaz eta tarteka-tarteka berriak egin beharraz hizketan ari zirela, «begira, niretzat buruhauste bat gutxiago!» bota nien nik, itsua izateari alde on bat aurkitu nahirik-edo. Badakit alde on horren atzean hainbat desabantaila pilatzen direla, baina guztia geroz eta beltzago ikusten dugun garai honetan, nahiago dut alde positiboarekin gelditu.

Eta egia esan, irudipena daukat bizi dugun egoeran geroz eta errazagoa egiten zaidala ez ikusteak izan ditzakeen alde onak aipatzea. Etxean bertan argia piztu beharrik ez, argi-indar faktura txikiagoa beraz! Telebistari begira egoteko arrazoi gutxiago, telezabor gutxiago barrura! Kalera irteten naizenean, geroz eta denda itxi gehiago bazterretan, ikuskizun etsigarri hau ekidin dezaket behintzat! Geroz eta jende gehiago langabezian eta kopetilun, aurpegi horiek denak ikusteak erabat goibelduko ninduke ni ere!

Errealitate ilun hori ez ikusteak nire baitan egoera lasaigarriagoak imajinatzeko aukera eskaintzen dit gainera: kale jantziagoak, gutxieneko segurtasun maila bat lortzeak ahalbidetzen duen lasaitasuna islatzen duten aurpegi alaiak… A ze luxua!

Beti bezala, bizi garen sistema honetan, diruak zehazten du guztia. Diruz gaizki gabiltzanean kezkagarri eta ilun ikusten duguna, lasaigarri bezain argi sumatuko genuke diruz ongi bagenbiltza. Eta dirua aipatuta, ezinbestean lana aipatu behar… eta lana aipatuta, lana aurkitzeko zailtasunak datozkit gogora… Eta horri lotuta, itsua izatearen desabantaila bat, guretzat are zailagoa baita lana aurkitzea…

Baina, tira, utz ditzadan gogoeta ilun horiek animoz sendoago nagoen beste baterako. Gaurkoz nahiago dut nire begien iluntasunean ikusmira alaiagoak imajinatzen jarraitu. Zenbaitetan belarriak ixteko gogoa ere sortzen zait, gaur egun berri ilunak baizik ez baititugu entzuten. Baina ez, ez naiz hain memeloa izango. Uneoro errealitateaz jabetzeko zirrikituren bat uztea komeni da, oharkabean irentsi ez gaitzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.