Mutriku

Istripua A-8 autobidean

Joseba Andoni Burgaña Osa
2024ko azaroaren 1a
05:00
Entzun

Niri gertatu zitzaidana beste inori gertatzerik ez nukeelako nahi noa adierazpen hauek egitera.

Irailaren 27an Donostiatik Mutrikurako bidean, etxerako itzuleran, autobidetik noski, istripu bat izan nuen: aurreko gurpil bat zulatu zitzaidan, bidean zegoen zerbaiten eraginez; justu ikusteko denbora eman zidan, ez, ordea, hura saihesteko.

Ahal bezain pronto, eta ibilgailu nahiko berri eta ona izateari esker, eskumarantz egin nuen (ezkerreko bidetik bainindoan, hain justu kamioi bat aurreratzen….), eta bazterrean gelditu.

Berehala jarri nituen arrisku-seinaleak eta deitu nuen nire ibilgailuaren aseguru etxera. Ez nuen beste inolako deirik egin (112ra edo bestelakoren batera). 

Eskaini zidaten garabia eta gainontzeko zerbitzua, ibilgailua eraman zuten tailer batera, eta ni, berriz, etxera hurbildu ninduten. Guztia oso ondo.

Alabaina, hurrengo egunean bururatu zitzaidan gertaera honen berri eman beharko niokeela autobidearen kudeatzaileari eta, bide batez, balizko kalteak ikertzeko eta erreklamatzeko baliatu.

Hor iritsi dira nire buruhausteak, lehenago aipatu dudan ditxosozko deirik  (112, esate baterako) egin ez eta ondoren suertatu ohi diren konturik (polizia txostena, istripuaren berri ematea…) ez dagoenez, nahiz eta garabiaren zerbitzuen berri eman (agiri bidez), horretarako beraiek pasatutako bidesari orrien kopiak eskuratu, aseguru etxeak emandako txostena ere eskuratu (garabi zerbitzuarena, hau ere), ba ez dagoela ezer egiterik, hau da, ez dute erantzukizun posiblea beren gain hartzen….

Beraz, eta bukatzeko, hasieran esan dudan ildotik, norbaitek arazoren bat izango balu gure autobide eder eta oso merke honetan (suposatzen dut antzera gertatuko dela gainontzekoetan), ezer baino lehen deitu 112ra eta gero gerokoak, arazorik gerta ez dadin nolabaiteko erreklamaziorik egiteko asmoa izanez gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.