Zortziehun mila pertsona dira urtero munduan bere buruaz beste egiten dutenak, 800.000. Espainiako Estatuan, berriz, suizidioak ia 4.000, eta milioi bat baino gehiago buru osasuneko arazoak sufritzen dituztenak. Ez al da beldurgarria? Agian nekatuta gaude esateaz, baina beharrezkoa da kalitatezko arreta mediko bat. Hezurrak sendatu bai, baina buruko minak ere sendatuko dizkiguna. Takikardiak, hiperbentilazioak, tristurak. Depresio eta antsietateak. Bipolaritatea... Espainian, sei psikologo daude 100.000 biztanleko. Eta batezbestekoa, Europa mailan, 18koa da. Beldurgarria, berriro ere. Eta oraindik harritu egiten gaitu. Beharrezkoa da hitz egitea estigmak kentzeko, hazteko, norbera ezagutzeko eta zauriak sendatzeko. Geure barruan dauzkagun zauriak. Emozioak kudeatzeko, eta sentitzen duguna zilegi dela sinesteko. Osasun mentalik gabe, ez dagoelako osasun fisikorik.
Oraindik kosta egiten zait onartzea ez garela osasun mentalaz hitz egiteko gai. Zaila da zeure burua lurraren pare jartzen duzula ikustea, hitz politik ez edukitzea ispiluaren aurrean, edozerekiko segurtasun-ezarekin bizitzea edo bihar non egongo zaren zalantzan jartzea. Ez dakizulako hemen egoteko gogorik edukiko duzun.
Suizidio hitzak gorputz osoan zehar sorrarazten duen hotzikara hori gero eta jende gehiagok sentitzen duela dirudi. Orain, bat-batean, bai. Suizidioa da, Espainian, heriotza ez-natural gehien eragiten dituena, eta bigarren heriotza arrazoia15 eta 29 urteko gazteen artean. Zergatik ematen diogu garrantzia pertsonaia publikoa den norbaitek bere buruaz beste egin duenean? Zergatik ez gara gure inguruan begiratzeko gai? Zergatik ez diogu erreparatzen gure lagunaren autoestimu baxuari, aitaren minari edo amaren nekeari? Telebistako parrilla guztietan azaltzeak ematen digu hitz egiteko askatasuna. Ez gara hedabideen aurretik hitz egiteko gai, ez gara ausartzen. Lotsa eta beldurra ematen digu.
Beldurra, tristurari. Ezeri zentzua ez ikusteari. Depresio sintomak ote dituzun behin eta berriro baieztatu nahi izatea. Ez diogu geure buruari triste egoten uzten, eta, batzuetan, beharrezkoa da. Utzi diezaiogun geure buruari sentitzen eta geure emozioak kudeatu eta balioztatzen. Isilik geratzen gara, gehiago izorratuko dugula pentsatzeagatik. Ez ditugu gauzak sentitzen ditugun bezala egiten, badaezpada, gure ondokoek alde egin ez dezaten. Eta berriro bakardadea. Jendez inguratuta, baina bakarrik. Eta bakardade hori, bakarrik egotea baino okerragoa da. Eta berriro beldurra, lotsa eta ondoeza. Zeinen tristea den isiltasuna, oihu egin nahi duzunean.
Laguntza eskatu behar da. Zauriak ireki, errotik sendatzeko. Ikusten ez diren zauriak ere badaudelako. Tirita batekin ezin delako dena sendatu. Gertatzen zaizun hori ez da esajerazio bat. Ez da show bat. Laguntza eskatzea maitasun propio ekintza bat da. Ez zara gutxiago laguntza eskatzeagatik. Terapiara joatea ez da moda bat. Ez da eroen kontu bat, denon kontu bat da. Harreman osasuntsuak eraiki behar dira. Osasuntsuak jendearekin eta geure buruarekin. Besarkada batek ere mina gutxitzen duelako. Entzuten zaituen hori uste duena baino gehiago egiten ari delako zuregatik. Epaitzeko, epaileak daudelako. Nor gara gu, besteen sentimenduak baloratzeko?
Hezurren bat puskatzen dugunean bezala zaindu gaitzaten, etxetik atera nahi ez dugunean. Kaleak eta jendetzak beldurra sorrarazten digutenean. Antsietateak jaten gaituenean. Zalantzak. Nonbaitera bakarrik joan nahi ez dugunean. Arropa aukeratzerakoan, ezerekin ondo ikusten ez garenean. Goserik ez daukagunean. Mentalki gaizki egoteak gosea kentzen duelako, bai. Eta pisua gehitu, eta kendu. Kontu txikiak zama handia direnean guretzat. Negar egiteko baino balio ez dugula pentsatzean. Maitatuak sentitzen ez garenean, nahiz eta jakin zenbat maite gaituzten maite gaituztenek.
Ez dugu osasun mentalaz hitz egiten. Oraindik ez gara gure sentimenduak azaleratzeko gai. Baina mina konpartitzeak mina gutxitzen du. Sendatu arte. Egunen batean sendatu egingo garelako. Zenbat geratzen zaigun aurretik... eta zeinen gutxi arduratzen gaituen.
ZUZENDARIARI
Isiltasunari oihu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu