Gasteiz

Iruzurra jenerotan itzuli

Ana Goia Amiama
2025eko otsailaren 19a
05:00
Entzun

Horra berria: «Zarauzko ikastolari isuna jarri diote matrikulazioan ikasle kopurua gainditzeagatik». Isuna, zigor instrumentu gisa, ia beti dirutan kuantifikatzen da; aitzitik, oso gutxitan izaten da arazoaren konponbidea bermatuko duen aukera. Zer konpontzen du diruak berak? Zorra ordaintzea, iruzur egindako kopuru osoa itzultzen bada. Baina benetan egiaztatuko da? Nork bermatuko du hori gauzatzen dela? Zalantza horien guztien artean burura datorkit ez ote dagoen diruaz aparte ordaintzeko beste modurik; esate baterako, gizartearentzako lanetan. 

Adibide gisa. Gasteizko San Ignazio ikastetxean, familia guztien %90 inguru etorkin jatorrikoak dira edota egoera zaurgarrian daude. Hirian ez ezik oro har ikastetxe publikoetan ere izan den ghettifikazio (baztertze) prozesuaren ondorio den datu esanguratsu honek arazo ugari azaleratzen ditu, horien artean bat euskara maila eta euskaraz murgiltzeko zailtasuna; Gasteiz ez baita eremu erabat euskalduna. Ikastetxeak, tamalez, ikasleak barnetegietara eramateko (finantza) zailtasunak ditu; ezin du kostu hori bere gain hartu, eta familiek are gutxiago. Demagun Zarauzko ikastolak, bere iruzurraren ordainetan, San Ignazio ikastetxeko haurrak hartzen dituela astebetez familia euskaldunekin bizi daitezen eta ikastolako ekintzetan parte har dezaten. Hala, ikastolak herriari egin dion iruzurra jenerotan itzuliko dio, benetan hautemangarria izango den eragin zuzeneko zerbitzuarekin; ikastolek berek aldarrikatzen duten eta harrotasunez babesten duten euskara hedatuaz. 

Zarauzkoa adibidea berdintsu estrapolatu daiteke Villabona-Amasako edo Azpeitiko Ikastolekin, San Ignazio ikastetxea, Gasteizko Samaniego edo Los Herran institutua izan daitekeen bezala, adibideak ugari baitira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.