Susako Harana, dakizun bezala, ipar ekialdean dagoen alpetar eskualdea da, 90eko hamarkada hasieratik AHTren aurrean erresistentzia handia ematen ari dena Turin eta Lyon batuko lituzkeen tarte italiarraren kontra, Alpeak Val de Susan kokatutako bi tunel luzeen bitartez zeharkatu asmo duena. Europar Batasunean proiektuaren inguruan hitz egiten hasi zenetik, haraneko jendea lan honen kontra agertu eta antolatzen hasi zen, eta 90. hamarkada amaieran lehen Comitato di Lotta Popolare sortu zuten, haranean indarrean dagoen antolakuntza eredua. Ordutik hona mobilizazio jendetsu ugari egin dira, hautetsien, auzokideen, udal eta lurjabeen benetako partaidetzarekin, ingurumenean zein sozialki edukiko lukeen eragina eta azpijoko ekonomikoak salatzeko.
Azken hilotan Susako Harana erabat militarizatu da ehunka unitate polizial eta armadako kide bidaliz. Xedea zonaldea suntsituko duen AHTaren eraikuntza bermatzea da, xahutze eta naturaren sarraskiaren trenaren eraikuntza alegia. Bertatik ailegatzen zaizkigun berrien aurrean, polizia okupazio basatia, negar gasen erabilera eta karga polizialak, Iruñerrian AHTaren aurkakook hurrengo eskakizunak luzatu nahi dizkizugu: 1. Susako bizilagunen borondateari errespetua, aspaldi AHTaren aurka agertu dena. 2. Mendien suntsiketa eta landa ekonomian oinarritutako bizimodu ereduen desagerpena ekar dezaketen AHTaren lanen geldiera. 3. Zonaldean dauden polizia eta militarren erretiratzea, gatazka bortitzago eta indarkeria maila gorenera hel ez dadin. Azkenik, AHTaren gaineko hausnarketa sakona eskatzen dugu. Portugalek proiektua eten duenean, Estatu Espainolean bideragarritasun eta beharraren inguruko eztabaida indarrean dagoenean, beste herrialde batzuetan proiektu hauek baztertu eta beste garraiobideen alde egin dutenean, zergatik mantentzen da Italia itxikerian? Herrialdearen egoera ekonomikoa ez al da nahikoa baliabideak ez xahutzeko? Zeintzuk dira errentagarritasun sozial zein ekonomikorik ez duen tren honen onuradunak?
Nafarroatik, non azterketen zati handi bat eginda dagoen eta Erriberako desjabetza behartuak hastear dauden, Susako Haranarekiko elkartasuna adierazi nahi dugu abuztuaren 12an 19:00etan Iruñeko kontsulatu italiarraren aurrean egingo dugun kontzentrazioaren bidez.
Zuzendariari
Iruñeko italiar kontsulari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu