ZUZENDARIARI

Iruñean gertatu da

Mikel Bujanda Oñederra.
2023ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Euskararen etsaien esku gelditu da euskaldunon hiri buruzagiko agintea. Iruñeko euskal jendeak beste lau urtez pairatu beharko du zorigaitza. Bestela izan zitekeen.

Alferrik da gertatutakoaren errua sozialistei egotzi nahi izatea. Erantzukizun larria EH Bilduko jaun-andereena da. Gauza jakina zen, dudarik gabekoa, PSNk ez ziola EH Bilduri aldeko botorik eman behar. Esana zuten eta esandakoa bete dute.

Espainian jokatzen dute sozialistek euren norgehiagoka nagusia. Eta begien bistakoa da garesti ordaintzen ari dela PSOE zenbait kontutan EH Bilduren laguntxo agertu izana. Eskuindarrek horrekin dute PSOE gurutzean iltzatua. Ekainaren 17an fokua Iruñeko udalbatzarrean jarria zegoen eta espero zen bezala gertatu da. Sozialistak ez daude EH Bilduren alde jokatzeko moduan.

EH Bilduk paretaren aurka burukadajotzea erabaki du. Asiron eta ez besterik. Ahari talka antzua. Horrela jokatuz bazekiten alkate postua UPNk bereganatuko zuela. Kontzienteki aukeratu dute EH BIlduko jaun-andereek Iruñeko aginte makila euskararen etsai porrokatuen esku uztea.

Ez zen bada konpromiso sendoa eskuindar horiei gobernurik ez oparitan ematea?

Agindutakoa ez duzue bete Iruñean. Ez diozue oztopatu agintebidea eskuin euskarafobikoari. Bidea libre utzi diozue. Eragotzi zenezaketen. Ez duzue egin.

Bazegoelako hirugarren bidea, bidexka estua nahi bada, zirrikitua, baina saiatu beharrekoa: alkate postua Gero Bairen hautagaiari ematea. Aukera onargarria zen, elkarrekiko inkonpatibilitateak gainditzeko formula, lau alderdi ados jarri —sozialistak barne— eta horrela gehiengoa lortzeko.

Heldutasun politikoa behar zen, lehentasunak argi eduki eta, batez ere, nahi izan. Posible zen. Alkate abertzalea izanen genuke Iruñean.

Zirrikituan ziria sartuz arraildu eta hautsi litezke hormak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.