ZUZENDARIARI

Iruña-Veleia: epaiketatik hiru urtera

Tomas Elortza Ugarte.
2023ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Iruña-Veleiako auziaren epaiketa 2020ko otsailaren 3tik 19ra burutu zen Gasteizen. Epaiketa hasi baino egun batzuk lehenago, Elixabete Garmendia kazetariak Sugetzarra izeneko iritzi-artikulu zentzuduna bidali zuen BERRIAra. Honela amaitzen zuen: «Ikusi egin behar epaiketak zer ematen duen. Nolanahi ere, tristea da gero dena judizializatu behar hau; etsigarria, sugetzarraren mugimenduan igartzen eta gurutzatzen diren interes-jokoak. Tamalgarria da arkeologo, hizkuntzalari eta historialariak elkarlanean jarri eta auzia argitzeko gai ez izatea; deitoratzekoa, jakintzaren arloan diharduten erakundeek —Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Jakiunde, unibertsitateak...— horretan ez lagundu izana. Puntu honetan, Caro Barojaren gomendioarekin kontsolatu behar:har dezagun afera indar politiko, sozial eta estetikoa daukan zerbait bezala. Hau da, XXI. mendeko euskaldunoi axola zaigu III. mende inguruan norbaitek, norbaitzuek, zeramika pusketan euskaraz idatzi zuten ala ez jakitea».

Hiru urte geroago, epaiketaren eta epaiaren berri jakin ondoren, hausnarketatxo hau egiten dut. Epaiketak ez zuen gauza onik ekarri, sufrimendua eta nahasmena areagotzea baino. Kereila Arabako Foru Aldundiak jarri zuen eta, lehen unetik, mila modutara esan zitzaion auzi hau bide zientifikoetatik erabaki behar zela, ez bide judizialetik. Dena alferrik!

Gaur egun oraindik ez dakigu grafitoen %87 (254) egiazkoak ala faltsuak diren. Txostenetan parte hartu zuten 18 ikerlarietatik batek bakarrik —Jose Vicente Navarrok— aurkitu zituen faltsutasun-zantzuak 36 grafitotan, soilik metalen presentzian oinarriturik eta aztertu beharreko beste alor arkeologiko batzuk albo batera utzita. Eta, justu, epaileak berari sinistu! Hau serioa al da? Guztiz ados nago Elixabete Garmendiak tristetzat, etsigarritzat eta deitoragarritzat jotzen duenarekin, konponbidean lagundu ez zuten eta laguntzen ez duten pertsona eta erakundeen jokabidearekin, alegia.

Horra Irulegiko Eskuarena: lurpetik atera, garbitu, azterketak egin eta irakurri, dena hamazazpi hilabetetan burutu zuten. Aldiz, Iruña-Veleiako grafitoek hamazazpi urte daramatzate guztiz baztertuta, eta hala jarraituko dute beste urte batzuetan, auzia argitzea erabaki arte.

Arabako Foru Aldundiak 1.150.000 euro zeuzkan (BERRIA, 2022-10-23) iazko eta aurtengo urteetan Iruña-Veleian gastatzeko. Aldundiak borondatea balu, dirutza horren zatitxo bat nahikoa eta sobera izango luke analizatu gabe dauden grafitoen laginak nazioarteko laborategietara bidaltzeko. Baina, aurrera berrira egin duen plana irakurrita, nik ez diot borondaterik ikusten. Sugetzarrak bizirik jarraituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.