Urriaren 26an egingo dugu Iruña-Veleiari buruzko IV. Biltzarra, Durangon. Hemezortzi urte igaro dira grafitoak aurkeztu zirenetik eta oraindik ez da egin aurkikuntzak benetakoak ala faltsuak diren erabaki dezaketen froga arkeometrikorik. Gainera, Arabako Foru Aldundiak aztarnategiko leku inportanteak suntsitzen jarraitzen du hondeamakinak neurri gabe erabiliz. Oso panorama beltza, baina hala ere zerbait mugitzen ari da. Eta hau frogatu ahal izango dugu izen handiko ikerlarien ponentziak aditzean: Luis Silgo, Geografia eta Historian doktorea; Mikel Larrañaga, Historian doktorea; Xabier Gorrotxategi, Geografia eta Historian doktorea; Miguel Thomson, Ikerlari Zientifikoa; Joseba Lizeaga, Biologian lizentziatua; Mikel Larrañaga, Historian doktorea; Patxi Zabaleta, abokatua eta euskaltzain emeritua; eta Juan Martin Elexpuru, Euskal Filologian doktorea. Bakoitzak bere diziplinatik eta ikuspegitik, denek aztarnategian aurkitutako piezen benetakotasuna aldarrikatuko dute beren ponentzietan.
Eta biltzar honetako partaideok zorionekoak gara gure artean izango dugulako auzi honetako protagonista nagusia, Eliseo Gil, aztarnategiko zuzendaria eta aurkikuntzen aita. Lehen eskutik kontatuko digu han gertatutakoa. Nik neuk, aztarnategi honetan gauzatu diren txikizioen berri emango dut.
Biltzarrean izena emateko, deitu 696-29 67 67 telefonora.