Lesaka

Irulegiko Eskua ez omen euskaraz; ez ote?

Antton Erkizia Almandoz
2024ko urtarrilaren 13a
05:00
Entzun

Irulegiko «sorioneku» ez omen da «zorioneko», «ez zukeen beharko horrela»; Fortuna erromatar jainkosari eginiko eskaintza bat izango da, omen... Hala mintzo dira adituak.

Egunotan BERRIAn Iñigo Astizek eginiko kronikak egoki laburbiltzen du adituen gehiengoak dioena idatziz: ez dirudiela iberieraz dagoenik Eskuan dagoen testua; zeltiberieraz ezta, baina hitz bat bera ulertzen ez denez (ulertzen ez dutenez), ezin dutela esan hori euskara denik, ez behintzat «espero zatekeen euskara zaharra»... Agian, «vasconikoan» legoke... Eta zer ote da zehazki «vasconico»? Baskoiera? Edo hizkuntza berri bat? Edo zaharraren euskalkia?

Adituek, jakitun ofizialek, hala badiote, hala izango da, baina ez naiz konforme (gaztea ez izan arren). Ez dakit bada ematen diguten guztia bere horretan jaten ez ote dugun, otzan, irentsi, hausnarketa propiorik gabe. Lehen ere baliogabetu izan dizkigute euskarazko testuak, han azaltzen zena «ezinezkoa» zelako, «ezinezko» izan behar zuelakoan. Zerekiko ezinezkoa? Duela bi mila urte egin izango zen euskararekiko? Ustez egin izan behar zuten euskara hori, egin ote zuten noizbait, nonbait?, horixe eta bera galdegin du, intsumiso, adituen arteko bakarren batek. Bejondeiola.

Jakin dezan jendeak, Irulegiko idazkunari buruz, bestelako iritziak ere izan badaudela, aski jakitunak hauek ere, nahiz eta jakintzaren mahai ofizialetara ez izan deituak. Nik dakidala, bada talde lan bat, bizkaitar euskaldun eta euskal filologian aritutakoak eginiko interpretazioa, horiek euskara zahar ederra irakurtzen dute Irulegin; eta bakarkako lan gehiago ere badago. Ez dut bat besteen gainetik goraipatuko, baina horien hausnarketa batzuk eta horien interpretazioak eta nondik norakoak BERRIAn irakurri nahiko nituzke.

Badakizu, medikuntzan ere, bigarren iritziak entzutea komeni da, ebakuntza onartu aitzin. Zuhurtzia da hori ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.