ZUZENDARIARI

Irrintzitik irrira, jatorrira bidean

Irudigilea.
2017ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Iragan igandean, 2017ko martxoaren 19an Errenteria-Oreretan Gure Esku Dago-k deitutako Herri Galdeketa izan eta ordu gutxitara, egun zoriontsuhonetako bizipenen laburpena idatzi nahi dut.

Egun osoan zehar, nahiz eta eguraldia hotz egon, kalean giro bero eta atsegina sumatu da. Kaleak lasaitasun batean, herritarrez jantzirik, herritarrak alai, zoriontsu. Gehienen ahotan irri eder bat marrazturik. Giro eder honetan, Telesforo Monzon gogora etorri zait, eta hark Batasuna abestian idatziriko esaldi eder hau: «...irrintzi bat dabil». Une berean, uneak esaldia eguneratu du eta, irri bat dabil, etorri zait burura. Gaurtik, Errenteria-Oreretan, Pasaian, Lezon, Oiartzunen, Hernanin, Astigarragan, Tolosaldean, nola ez Larrabetzun eta... irri bat dabil. Orduan, egin dugun jauziaz ohartzen hasi naiz.

Hitz hutsak diruditen arren, ez dira, gure euskara horrelakoa da, ez naiz ni. Irrintziak, orain artekoak, bere jatorria irrian du. Irrintzia gudarako izan zen, irria zoriontasunaren emaitza da, eta elkarbizitzarako da. Irria maitasuna da, irrian maitasuna gara. Irri egin dezagun ba, garaia da eta.

Igandekoarekin gauza bat argi gelditu da, Herri Galdeketa egin dugu. Dagoeneko ez da egitasmo bat, dagoeneko bada, eta hori ezin du inork inoiz ukatu. Gainera, egindako gauzek indar bat dute, ez direla egin beharrekoak, eta jadanik historiara iragan den egun honetan hau ere egin dugu.

Orain bide bat dugu aurretik, gure bidea, guztiona, baita nahi ez dutenena ere. Txikia bada ere, aski da nahi bat nahigaberik ez izateko. Zer ikasi asko dugu, baita ikasitakoa ere, bide zoriontsu honetan, ez zaizkigu ikasgai berriak faltako, bide hau ere ikasiz egiten da eta, jabetuz. Hutsuneak betez, betetakoak hustuz, bizi gara, arnasa batean bezala. Hau gaurko ikasgaia, berriak bidean. Hasten ari gara, ik(h)asten. Zoriontsuak izan, izan bagarelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.