ZUZENDARIARI

Irale formakuntza eta irakasle baten bizipena

Irakaslea
2022ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 12a, asteazkena. Irale formakuntzako hirugarren eguna. 12:30ak inguruan Iraleko zuzendaritza gelara sartu eta formakuntza bertan behera gelditu zela jakinarazi zigun. Lakuatik deia jaso omen zuten, eta irakasle falta zela eta, formakuntza egiten ari ginen irakasle guztiak gure erreferentziazko zentroetara itzuli behar genuen. Harridura, nahasmena... hasieran txantxa bat zela pentsatu genuen. Errealitate gordina barneratzen nuen bitartean, harridura eta nahasmena inpotentzia eta haserre bilakatu ziren. Nola zen posible aurreikusgarria izan zitekeen seigarren olatu honen egoeraren aurrean neurririk ez planifikatzea? Hori gutxi balitz, Bildarratz jaunak aurreko egunean berrogeialdia hamar egunetik zazpira murriztean ordezkapenak betetzeko inolako arazorik egongo ez zela jakinarazi zuen. Egoera egonkortzen ari zela esan zuela kontuan hartuta, nola uler liteke hartutako neurria? Ez al litzateke zentzudunagoa sindikatu eta irakasleekin hartu beharreko erabakiak kontrastatzea, aldebakarreko neurri hau hartu beharrean?

Formakuntza guztiak bertan behera utzi beharrean bajak betetzeko ezinbestekoak liratekeen irakasleei soilik dei egin behar lieketela uste dut. Irale formakuntzak ezinbestekoak dira irakaslegoak euskara indartzeko eta euskalduntzea bultzatzeko. Beste behin argi geratu da hau ez dela gobernu honen lehentasunetako bat.

Irakaskuntza maite dut eta ikasleak beti izango dira nire lehentasuna, baina inprobisazioak eta planifikaziorik ezak ez du balio. Lanpostuetara bueltatu behar izan dugu eta bertan izango gara, baina nekez uler daiteke neurria zerrendetan kontratatu gabe dauden milaka irakasle dauden bitartean... Eta ez hori bakarrik, gure ordezkoak, beste ordezkapen edo beharrik ezean, gurekin geldituko baitira gelan. Ratioak jaisteko ez dut inolako borondaterik ikusi orain arte, baina egoera honi irtenbidea emateko neurri zuzena iruditu zaio Eusko Jaurlaritzari geletan bi irakasle egotea 260 irakasleri formakuntza ukatzen zaigun bitartean?

Urtarrilaren 31n, egoera hobetuz gero eta ordezkapenak «bermatu» ahal badira formakuntzara itzultzeko aukera legokela esan du Eusko Jaurlaritzak. Egoera honen aurrean, Hezkuntza sailari zintzotasunez jokatzeko eskatuko nioke, eta inprobisazioan ibili beharrean ziurgabetasun egoera honi amaiera emateko. Desastre hau bideratzeko garaiz gabiltza. Umorez amaitzeko, bertso honen bidez Eusko Jaurlaritzak gogoeta egingo duelakoan:

Irale ezeztatuz
COVIDa dala (e)ta.
Atsekabe (e)ta tentuz
eskolara buelta.
Batean batera (e)ta
bestean bestera,
esandakoak a(ha)ztu
(e)ta bihar lanera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.