ZUZENDARIARI 

Irakasleen defentsan

Donostia.
2016ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
PISA azterketaren harira Onintza Enbeitak plazaratutako iritziaren inguruan nire ekarpentxoa ekarri nahiko nuke lerro hauetara.

Aitortzen dut Onintza Enbeitia bezalakobati (bertsolari, kazetari, politikari-ohi, eta ez nolanahikoa) erantzuteko ausardi intelektuala izateak zorabio moduko bat ematen didala. Baina irakasleen inguruan egindako komentarioak mindu egin naute. Eta sutu. Irakasle izan izanak (egun jubilatua nago) Onintzari erantzuteko askatasuna eta esperientzian oinarritutako legitimitatea ematen didala sentitzen dut.

Azterketak bakarrik irakasleei egin nahi die azterketa edo gainerako ogibidetan jarduten dutenei ere bai? Erizainei esaterako?Medikuei akaso?

Eskolan arazoak dituzten irakasleak daudela? Bai, noski. Edozein lanbidetan bezalaxe. Eta zer proposatzen du Onintzak egitea irakasle horiekin? Baina gehien sumintzen nauena da gizartean oso zabaldua dagoen ikuspuntu manikeista eta injustuari Onintzak hauspoa nola ematen dion konprobatzeak. Gaur egun irakaskuntzan aritzea ez da kontu samurra. Ez dira gutxi presioa, tratu txarrak, arbuioa, mespretxua (sarri gurasoengandik) jasaten dituzten irakasleak. Ezagutu ditut agresio fisikoa jasan duten irakasleak, eta erasotzailearekin gela barruan jarraitu behar izan dutenak (duintasuna irentsi eta gero, noski).

Ikasketak amaitu zituenetik liburu bat hartu ez duen irakaslerik badagoela aditzera ematen duzu. Ausardia behar da gero horrelakorik botatzeko! Zinez diotsut belarri bateko hatzekin konta daitezkeela horrelako irakasleak. Gaur egun zer eta nola irakasten den ebaluatzeko aukera badu hezkuntza komunitateko interesa duen edozein partaidek. Beraz, azkeneko iruzkina ere sobera dago.

Ikasgela baten barruan eskola ematen aritzen diren gizon-emakumeek esker ona eta errekonozimendua merezi dute (gauzak bere lekuan uzteko, nik nire ikasleen guraso gehienengandik sentitu dudan bezalakoa) eta ez zure iritzi artikuluari darion kritika ozpindu oinarri gabea (fuertea da komentarioa, baina horrela sentitzen dut nik, zer egingo diogu ba). Onintza, irakasleen gehiengo oso handi bat bere lana txukun eta zorrotz egiten saiatzen da. Esan gabe doa Euskal Eskolaren erronkak ez direla nolanahikoak (pedagogiaren hobekuntza etengabearena barne) baina inolaz ere behar eta merezi ez duena da irakasleriaren deskalifikazio erraz eta funtsik gabea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.