EHUko LABen sail sindikala

Irakasle-ikertzaileen aktibitate akademikoa oztopatzeko saiakeren aurrean

Gabi Elkoroaristizabal, Saioa Elejabarrieta, Jon Ander Elorriaga eta Ainhoa Etxebarria
2024ko ekainaren 18a
05:00
Entzun

Maiatzaren 24an egin zen Subirotasuna(k) aztergai kongresua, EHUko bi ikerketa-taldek antolatuta. Bertan, EHUko doktorea den Ainhoa Ozaeta ikertzaileak komunikazio bat aurkeztu behar zuen. Komunikazio hori bere tesian garatutako ikerketaren emaitza zen eta kongresuaren batzorde akademikoak onartuta zegoen. Kongresua hasi baino egun batzuk lehenago, hedabide batzuek publikoki seinalatu zuten ikertzaile hau iraganean ETA erakundearen kide izateagatik zigortua izan zelako.

Bere irudiari publikoki kalte egin nahian eta unibertsitateko aktibitate akademikoa baldintzatu asmoz egindako kanpainak bere eragina izan zuen. Errektoretza taldea kongresuaren antolatzaileekin harremanetan jarri zen Ainhoa Ozaetaren parte-hartzea bertan behera utz zezala eskatzeko, EHUko errektoreak berak X sarean aitortzen zuenez. Adierazpen horretan, Ainhoa Ozaetak kongresuan parte hartzea onartu izanak «supone un daño anímico totalmente contrario a nuestro código ético» jasotzen da. Kasualitatez, interes argi batekin elikatutako polemika hori gauzatzen zuten bitartean, Idazkaritza nagusitik etika kodea bidali ziguten EHUko langile guztioi, otsailaren 22an egindako Gobernu Kontseiluaren saioan onartu eta hiru hilabetera…

EHUko zuzendaritzak eskuin mediatikoak eragindako presioa onartu izana salatu nahi dugu. Izan ere, ikertzaile horren eskubideak bermatu ordez, aktibitate akademikoa garatzeko bere eskubideak urratzen ahalegindu dira. Onartezina da EHUko zuzendaritzak kongresua aurrera eramaten ari ziren antolatzaileak presionatzea irizpide akademikoak gainditu dituen komunikazio baten aurkezpena zentsuratzen saiatzeko.

EHUko zuzendaritzak ausardia izan beharko luke kanpoko presio interesatuen aurrean tinko mantentzeko eta bere langileen defentsan zein ikertaldeek prestatutako jarduera akademikoen defentsan ateratzeko.

Horrez gain, etika kodeaz errektoreak egindako erabilera interesatua salatu nahi dugu. Gaizki dabil errektoretza taldea, bere botere-posiziotik, kodea interpretatzen hasten bada… Beraiek esaten duten moduan, unibertsitatea eztabaida akademikorako gune irekia izan behar bada, ez dugu behar idulki gorenetik emandako onaren eta txarraren inguruko tutoretzarik.

Hortaz, elkarbizitza demokratikoa eraiki behar den momentu honetan, lekuz kanpo daude horrelako jarrerak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.