Inpernua auzoak, Donostiako Tolosa hiribidean Añorga aldeko amaieran, bere azkeneko eraikinak laster ikusiko ditu eraitsita. Horietako bat edo gehiago, lehenengoa gutxienez, Zapatariko espetxea izen ofizialeko kartzela izan zen. Hor, eta Ondarretako espetxea jendez gainezka zegoela, 1936tik aurrera ehunka preso pilatu zituzten, diktaduraren hasierako hamarkadan. Gure Historiaren pasarte ilun eta beldurgarria izan zen eta, aldi berean, ia ezezaguna gaur egun.
Eraistea berehala gerta daiteke —egun batzuk, gehienez aste gutxiko kontua— eta botatze honek hutsune beltz bat gehiago sor dezake gure Historiaren zabortegian, non gertakizun asko ahaztuta edota ezkutaturik gelditu baitira. Eta horrekin batera, hainbat eta hainbat presok sufritu behar izan zutena. Beraz, galera hau saihesteko premiazkoa da zenbait neurri hartzea.
Lehenengoz, eta eraikinak desagertu aurretik, horma horiek konta dezaketena dokumentatu behar da. Era berean, gertakizun ikaragarri hauetatik gelditzen diren testigantza pertsonalak, grafikoak eta dokumentalak bildu behar da. Lan hau ondo egiteko gauza diren elkarte eta historia taldeak eta adituak, egon badaude nahikoa.
Bestalde, auzo berriaren diseinuan testigantza eta oroimenezko leku egokia ziurtatu behar du udalak. Leku duina izan behar da, sufrimenduaren oroitzapena eta etorkizunerako argi nabaria. «Bere historia ezagutzen ez duena errepikatzera kondenatuta dago» esaldia indarrean dago, are eta gehiago gaur egun.